Txosnaguneko erregina denak, Pantxikek, ondo lagunduta egin du Santa Anako plazatik Landako Gunerako jaitsiera. Jende ugari batu da bere kalejirara. Hamalau elkarte, trikiti doinuak eta irribarre ezin zabalagoak izan ditu bidelagun. Eta bai. Urteroko ohiturari eutsita, Geu Be elkarteko kideak arduratu dira txosnaguneko ikurra gorpuzteaz eta garraiatzeaz. Gogotsu eraman dute Alde Zaharrean barrena, Goienkalean behera, durangarrei jaiak hasten direla gogorarazteko. Hemen da Pantxike. Hemen dira jaiak.
Kalejirak Landako Gunean izan du bukaera. Orduan ailegatu da iluntze honetako beste protagonisten ordua: Karrika antzerki taldekoena. Haiek arduratu dira txosnetako txupina botatzeaz Jaiak abiatu aurretik esana zuten ez zutela pregoia irakurtzeko entsegu gehiegirik egingo. Eta ezin jakin entseguz beteriko testua izan den ala inprobisaziotik ere izan ote duen. Baina Karrikako kideek ondoen egiten duten hori eginez plazaratu dute pregoia. Antzerkia eginez. Testuak, elkarrizketak, sua, zankoak eta alaitasuna baliatuta. Adierazpenean, herrigintzan dabiltzan eragileak goraipatu eta antzerkiaren aldeko gorazarrea egin dute. Era berean, erasoak lekuz kanpo daudela nabarmendu dute.
Txosnagunea jaietan dago jada, Pantxikeren begiradapean, haren zaintzapean. Ospakizunek bihar izango dute segida udaletxeko balkoitik jaurtiko den txupinagaz. Patxikotxuren etorreragaz batera, jaien hasiera markatuko duen suziria 13:00etan lehertuko da udaletxeko balkoitik jaurtita.