Durangoko San Fausto jaiak

"Ez dugu hainbeste entseatu beharko, baina estreinu bat balitz legez hartu dugu"

Aritz Maldonado 2023ko urr. 10a, 08:54

Karrikak jaurtiko du Durangoko Txosnagunearen txupina, urriaren 11n, antzerki taldearen 25 urteko ibilbidea aitortzeko.

Karrika antzerki taldeko lagunek estreinu baten modura hartuko dute txupina jaurtitzeko ardura. Baina, normala den moduan, euren ukitua emango diote ekitaldiari. "Azken urteetan hankapaloak eta sua albo batera utzi ditugu. Aktore lana eta eszenografia gehiago lantzen ahalegindu gara, bestea ahaztu barik, jakina. 'Txotxe' [Jose Martin Urrutia, Karrikaren sortzailea] kale antzerkia eta antzerki iraultzailea egitearen aldekoa zen; horixe zen bere ezaugarria. Eta txupina botatzea eskaini zigutenean, esan genuen: 'Ezin dugu pertsona normalen moduan egin hau, Karrikada bat egin behar dugu; bestela, ez du zentzurik'", azaldu du Maite López Karrikako kideak; Lopezek Karrikaren ibilbide osoa darama antzerki konpainiari lotuta. "Txupina zoroa eta koloretsua izango da, gure estiloan", gehitu du Gorka Madrazo Karrikako kideak. Biek lana eta parranda uztartu beharko dituzte jaietan, baina gogotsu daude urriaren 11 heltzeko. "Ez dugu hainbeste entseatuko, baina guretzat estreinu bat modukoa izango da", esan dute.

Esker oneko ekitaldia
Karrikakideak topera heldu dira 25. urteurrenera. Jaien ondoren, Gaba Baltzan parte hartuko dute; gero, Durangoko Azokan egongo dira, Ikasle Egunaren barruan, eta urteurrena borobiltzeko, jai ekitaldi bat egingo dute. "Berez aurten egiten ditugu 25 urte, 2023an, baina geure erara egingo dugu hau ere; urtarrilean egingo dugu urteurren ekitaldia, eta karteletan '25+1' ipini beharko dugu errotuladoreekin", dio Lopezek barre artean. Urte  hauetan guztietan Karrika familia -edo sekta, barre artean aitortzen duten lez- osatu duten lagunek parte hartzea gura dute, eta baita herritarrak ere. "Durangoko elkarte ia guztiekin dugu hartu-emana. Horrez gainera, Durangoko egunerokoan Karrika hor dago, konpainiatik pasatzen diren herritarrak ere herrigintzan eta bizitzan txertatuta daude", gehitu du Madrazok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!