Durangoko jaietako txupinazoa Mugarra Triatloi Taldeak jaurtiko du eta txupinazo txikia Kurutziaga Ikastolak

Anboto 2023ko ira. 22a, 13:42

Kurutziaga Ikastolako, Mugarra Triatloi Taldeko, Durangoko Udaleko eta Jai Batzordeko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan.

Durangoko jaietako txupinazoko protagonistak aurkeztu eta egitarauko hainbat ekitaldiran gaineko xehetasunak eman dituzte gaur prentsaurrekoan.

Aurten Mugarra Triatloi Taldeak botako du txupinazo nagusia, urriaren 12an. "Guretzako poztasun handia da", adierazi dute Mugarrako kideek. Gainera, data berezi baten atarian daude: 2024an 20. urteurrena ospatuko dute. Baina euren lana ez da pregoilari izatera mugatuko. Urriaren 7an, duatloi herrikoia antolatuko dute goizean, eta, Euskal Herriko zirkuituan sartuta dagoen mendi duatloia, arratsaldean. Emakumeen parte hartzea sustatzeko zapatu honetarako antolatu duten ekimena ere gogoratu dute.

Urriaren 15eko txupinazo txikia botatzea, berriz, Kurutziaga Ikastolari dagokio. Ikastolako Inhar, Lea eta Jare ikasleak "esker oneko eta oso pozik" agertu dira. Ildo beretik mintzatu da ikastolako zuzendaria den Urko Rodriguez ere eta jaietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Musika egitaraua

Urtero lez musika eskaintza zabala egongo da. Honako hauek dira euretako batzuk: Raimundo el Canastero, urriaren 12an; Carlos Jean, urriaren 14an; Nebrashka eta En Tol Sarmiento: ETS, urriaren 13an eta Huntza taldea, urriaren 20an. Luhartz taldeak ere kontzertua eskainiko du jaietan.

Askotariko ekimenak

Beste hamaika ekimen nabarmendu dituzte. Durangok Montevideorekin duen anaikidetasuna lantzen jarraitzeko tango erakustaldi bat egongo da, Plateruena kultur aterpean. Profesionala den bikote batek eta Durangoko beste dantzari batek parte hartuko dute erakustaldian.

Irati Bilbao durangarraren Irati Bilbao Band taldearen emanaldia ere azpimarratu daiteke. Dantzari batzuen laguntzagaz ariko dira urriaren 13an, Otamotzena parkean. Horretaz gain, magia ikuskizun bat egongo da Iñaki Ruiz de Galarretaren eskutik, Sun Magoa bezala ezagunagoa dena. Magiaren Sari Nazionala irabazitako magoa aparatu handiekin ariko da, Andra Mariko elizpean. Bestelako ekimenen artean txarangen arteko topaketa, Urban Jaia, Dantzaro eta Durango Kantari eta antzerki, zirku eta kale animazioko hainbat ikuskizun nabarmendu daitezke.

Mireia Elkoroiribe alkateak eskerrak eman dizkie jaiak antolatzen ibili diren jai batzordekoei nahiz bestelako eragile eta langile guztiei. "Osoa eta erakargarria den egitaraua antolatu duzue", adierazi du. Era berean, herritarrei jaiak "lasaitasunean eta modu zibilizatuan" gozatzeko eskatu die. "Jai hauek izan daitezela guztiok berdintasunean gozatzeko. 'Bai' bakarrik da 'bai', beraz errespetuz gozatu ditzagun jaiak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!