Durangoko duatloi herrikoian emakumeen parte hartzea sustatzeko ekimena, zapatuan

Joseba Derteano 2023ko ira. 21a, 17:00

Iazko duatloi herrikoiko irudia. MugarraTT

Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko duatloi herrikoia antolatu du urriaren 7ko goizerako. Iazko aldian atera zuten ondorioetariko bat da emakume gutxik parte hartu zuela, eta aurten buelta eman gura diote egoera horri. 

Parte hartze baxuaren arrazoia duatloiaren ustezko gogortasunagaitik dela uste dute antolatzaileek, berez ez denean, euren esanetan, hain exijentea. "Ez da lasterketa gogorra, denek egiteko modukoa da. Ez da sailkapenik egoten", adierazi du Mugarra Triatloi Taldeko Serafin Bereziartua 'Txela'-k. 

Horiek horrela, beldurrak kentzeko, honako ekimena antolatu dute. Emakumeei zuzenduta, deialdi bat egin dute zapatu honetarako. 12:00etan izango da, Tabira ermitaren ondoan. Handik hasita, duatloiko ibilbide osoa egingo dute bizikletan, gogorra ez dela erakusteko. Bizikleta eramateko eskatu dute. Emakumeei zuzenduriko ekimena da batez ere, baina gura duten gizonek ere parte hartu dezaketela zehaztu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!