Durangoko Udalak PERIarentzako "akordio bideragarri" bat lortu gura du Jaurlaritzagaz, "albait arinen"

Anboto 2023ko uzt. 14a, 11:46

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak tren geltoki zaharraren proiektuagatiko mozio bat aurkeztuko dutela iragarri ostean, gobernu taldeak adierazpen alternatibo bat prestatu du osoko bilkurarako.

Goiz honetan, Durangoko EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak adierazpen bateratu bat plazaratu dute tren geltoki zaharraren lursaileko proiektua dela eta. Alderdi biek herri galdeketako emaitzak errespetatzeko eskaria egin diote gobernu taldeari. Zehatz esanda, aurreko agintaldian Garraio Sailarekin lortu zuten aurreakordioari eustea, auzitegiak legez kanpokotzat jotako epaiari helegiterik ez ipintzea eta Jaurlaritzan zein Udalean errepresentazioa duten alderdi politiko guztiekin osatutako negozioazio mahai bat sortzea proposatu dute. Talde biek praktikara eraman gura dute eskari hori, eta iragarri dute mozio bat aurkeztuko dutela datorren astean Durangon egitekoa den plenoan. Idatzi hori Eusko Jaurlaritzara eta Euskal Trenbide Sarera helarazi gura dute udalbatzaren bitartekaritzagaz. 

Oposizioko alderdi nagusi biek jakinarazpen hori egin eta ordu gutxira, berriz, gobernu taldearen erantzuna ailegatu da. EAJk eta PSE-EEk gidaturiko taldeak jakinarazi du mozio alternatibo bat aurkeztuko duela asteleheneko plenoan. Honako puntu hauek ipiniko dituzte mahai gainean: Bat. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari helegiterik ez ipintzea. Bi. ETSri eta Jaurlaritzari PERI Trenbidearen proiekturi begirako behin-betiko irtenbide bideragarri bat albait arinen egin dezan eskatzea, eta hori guztia herritarren parte hartze prozesu batekin egitea. Eta hiru: lan-mahai bat sortzea udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin, prozesuaren berri aldiro-aldiro izateko.

Astelehenean osoko bilkura egingo dute Durangoko udaletxean, eta orduan ikusiko da zein adierazpenek egiten duen aurrera, mezu hori Jaurlaritzari eta ETSri helarazteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!