Deniba Konare Europako judo txapelketara sailkatu da bere ibilbidean lehenengoz, Europako Kopan zilarra irabazi ostean

Anboto 2023ko eka. 27a, 13:11

Deniba Konare zilarrezko dominarekin (Argazkia: Euskal Judo Federazioa).

Judolari durangarra oso gustura dago egindako lanarekin.

Durango Judo Taldeko Deniba Konarek (Durango, 2003) zilarrezko domina irabazi zuen joan zen asteburuan Birmingham-en (Ingalaterra), Europako Kopako proba batean. Junior mailan eta 57 kilora arteko pisuan, hiru borroka irabazi zituen finalera heldu aurretik. Finala "nahiko parekatua" izan zela dio, baina azkenean Maylis Rozan frantziarra nagusitu zitzaion.

Aurten Europako Kopako hainbat probatan parte hartu du eta apiril hasieran Parisen (Frantzia) lortutako bosgarren postuari eta Birmingham-eko bigarrenari esker, irailean Herbeheretan lehiatuko den Europako txapelketarako sailkatu da bere ibilbidean lehenengoz.

Joan zen asteburuan hiru borrokaldi irabazi zituen finalera heldu aurretik eta gustura dago egindako lanarekin. "Dominen borrokan ibiltzea nuen helburu, baina ez nuen espero finalera heltzea eta zilarra irabaztea. Nire onena ematea nuen helburu eta horixe lortu nuen. Neukan dena eman nuen eta oso pozik nago", adierazi du.

Oraingo hau da bere emaitzarik onena Europako Kopan, baina ez da domina bat irabazten duen lehengo aldia. Iaz, brontzea irabazi zuen, Malagan. Espainiako Kopa ere irabazi zuen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!