Deniba Konarek nazioarte mailako domina bat irabazi du bere ibilbidean lehenengoz

Anboto 2022ko mai. 24a, 18:00
Deniba Konare Malagan, brontzezko dominarekin. (Argazkia: Gabi Juan)

Malagan lehiatutako European Cup txapelketan brontzezko domina irabazi du judolari durangarrak.

Durangok Judo Taldeko Deniba Konarek bere ibilbideko emaitzarik onena lortu du asteburuan. 19 urtegaz nazioarte mailako bere lehenengo domina irabazi du. Lorpena joan zen asteburukoa da, Malagako European Cup txapelketan.

Ingalaterrako, Alemaniako, Finlandiako eta beste hainbat tokitako selekzioek parte hartu dute; baita pandemia hasi zenetik bere herrialdetik irten barik zegoen Japongo selekzio indartsuak ere.

Lehenengo kanporaketan, Konarek "erraz" menderatu zuen Marokoko judolaria, Durango Judo Taldekoek ohar batean azaldu dutenez. Bigarren borrokaldia galdu egin zuen Maelenn Cotard frantziarraren aurka. Ondoren, Japongo eta Finlandiako borrokalari banari irabazi zien eta horrek dominen borrokan jarri zuen. Teresa Santos portugaldarrari irabazita eskuratu zuen brontzezko domina.

Une honetan mundu mailako ranking-eko 42. postuan dago.

Klubeko baliabideak Konareren zerbitzura

"Lortu duena itzela da. Seguru gaude domina hau askoren lehenengoa izango dena, baina apurka-apurka joan behar dugu", azaldu du klubeko Iñaki Salasek eta euren baliabideak Konareren zerbitzura daudela dio. "Gure apustua erabatekoa da. Une honetan gure baliabide ia guztiak bere kirol ibilbidera bideratu ditugu, oso urrun helduko dela konbentzituta gaudelako", adierazi du Salasek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!