[EGITARAUA] DJ maratoi herrikoia nobedade, Durangoko Tabira auzoko jaietan

Anboto 2023ko eka. 20a, 12:00

Durangoko Tabira auzoan San Pedro jaiak ospatuko dituzte ekainaren 25etik uztailaren 2ra.

Urtero lez ekimenez betetako egitaraua prestatu du Tabira jai batzordeak. Aurtengo nobedade bat ekainaren 30eko barikuan egingo duten DJ maratoi herrikoia da. Aurretik gaztetxean eta Durangoko jaietan, txosnagunean, antzerako DJ maratoiak egin dira eta handik hartu dute ideia. Musikariei euren lana erakusteko espazio berri bat eskaintzea dute helburu. Gainera, iaz antolatutako kontzertu sortagaz alderatuta, ekimen berria eramangarriagoa da antolaketa aldetik nahiz ekonomikoki.

Antolatzaileek bozgorailuak eta minijack-ak jarriko dituzte. Gainerakoa, parte hartzaileen proposamenaren araberakoa da: gura duenak nahasketa mahai bat eta biniloak eraman ditzake, beste batek nahiago izan dezake ordenagailu batean prest duen play-list-a edo abesti sorta jartzea…

Izen-ematea tabirakojaiak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez egin daiteke. Eskualdekoek nahiz eskualdetik kanpokoek parte hartu dezakete. Izena-ematen dutenen artean batzar bat egingo dute musika-proposamen denak ezagutu eta ordena apropos bat jartzeko. Bakoitzak izango duen denbora tartea parte hartzaileen kopuruaren araberakoa izango da.

Goitibeherak

Jaietako beste nobedade bat uztailaren 2ko domekan dago: umeentzako goitibeherak. Durangoko San Fausto jaietan gotibehera jaitsiera berreskuratu zuten. Ordukoa txapelketa bat izan zen. Tabirakoa, ordea, umeei begirakoa izango da goitibeherekin gozatu dezaten. Antolatzaileek goitbehera batzuk jarriko dituzte eta gure duenak berea eraman ahalko du.

Hasteko, mendi martxak eta lasterketa

Jaietako lehenengo ekimenak mendi martxa biak eta mendi lasterketa dira domeka goizean. Martxa luzeak eta mendi lasterketak ibilbide bera dute. Tabiratik Izurtzara joango dira Bitañotik —kanposantu ondotik— handik Neberondora eta Santa Luziara joateko. Neberondon hornidura puntu bat egongo da. Inguru horretan martxa luzearen eta laburraren bideak banatu egingo dira. Luzekoak Katazka, Landederra —ur-hornidura egongo da— eta San Andresera joango dira. San Andresen beste hornidura puntu bat egongo da eta berriro bi bideak batuko dira Durangora batera itzultzeko.

Ekainak 25, Domeka

  • 08:30 Mendi martxak: Martxa luzea (18km) eta martxa laburra (11 km). Izen-ematea LOTURA HONETAN.
  • 09:30 Mendi lasterketa (18 km). Izen-ematea LOTURA HONETAN.
  • 11:00 Eixu artisau azoka.

Ekainak 29, eguena (San Pedro eguna)

  • 09:00 Txistulariak.
  • 19:30 Meza.
  • 20:00 Txupinazoa eta txalaparta.
  • 20:30 Bertsolariak.
  • 22:00 Zinegoak.

Ekainak 30, barikua

  • 09:00 Txistulariak.
  • 19:00 Bakarrizketak Ibaizabalen.
  • 20:00 Tortilla jana.
  • 21:00 DJ maratoi herrikoia. Ekarri zure biniloak, nahasketa mahaia edo playlista eta girotu auzoa. Izena emateko idatzi: tabirakojaiak@gmail.com

Uztailak 1, zapatua

  • 09:00 Spinning Ibaizabalen.
  • 09:30 Marmitako txapelketa. Izen-ematea: Tabira etxean (3 euro pertsonako). Azken eguna: ekainak 25.
  • 11:30 Gazteentzako jolasak.
  • 15:30 Sari banaketa.
  • 17:00 Mus, partxis eta igel lehiaketak.
  • 17:30 Sugarri fanafarrea.
  • 20:00 Taloak.
  • 21:00 Altxa porru erromeria.
  • 00:30 DJ Kuku.

Uztailak 2, domeka

  • 11:00 Umeentzako goitibeherak.
  • 11:00 Taloak.
  • 12:30 Herri kirolak: Karmele Gisasola 'Zelai III', Ioritz Gisasola 'Zelai IV', Jon Gisasola 'Zelai V' eta Uxue Ansorregi.
  • 19:00 'Que buen día' ikuskizuna Maite Guevararen eskutik.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!