Durangoko jaietan aspaldi galdutako ohitura bat berreskuratuko dute aurten: goitibeheren jaitsiera. Halantxik jakinarazi du udalak, ohar bidez. Ekitaldia urriaren 15ean egingo dute, jaietako lehen asteburuan, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioagaz (EHIKF) batera. Ibilbideak 500 metroko luzera izango du. Lasterkariek Eguzkitza auzotik irtengo dute, Okarantza baserriaren paretik. Bukaera, berriz, Tabira aldean izango dute zain, Intxaurrondo kalean. Lasterketak askotariko kategoriak izango ditu: Neumatika, Arinak, Drift Bike eta Errodamentuzkoena. Kategoria bakoitzeko adibideak eta arauak www.ehikf.eus orrialdean kontsultatu daitezke.
Bestalde, udalak jakinarazi du egun horretan bertan, goizeko 11:00etan, umeei zuzendutako goitibehera tailerra egongo dela Intxaurrondo kalean. “Aspaldi-aspaldiko ohitura polit bat berreskuratu" gura izan du udalak. "Urte asko dira goitibehera lasterketa Durangotik desagertu zenetik, eta orain, Euskal Herriko Federazioarekin elkarlanean, ikuskizun eder hau berreskuratuko dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Hauek izango dira txapelketaren ordutegiak:
- 14:30 Egiaztapen tekniko eta administratiboak
- 15:30 Berifikazio eta kontrolaren itxiera
- 15:35 Onartuen zerrendaren aurkezpena
- 15:45 Erremontea
- 16:00 Probaren Hasiera
Urriaren 14an eta 15ean ondorengo aparkalekuak kenduko dira partehartzaileen eta ikusleen segurtasuna bermatzeko:
- Intxaurrondo kalea: 6-8-10
- Arriluzea kalea. Biribilgune bien artean
Izen ematea urriaren 12ra arte egin ahalko da www.ehikf.eus webgunean. Informazio gehiago jaso edota zalantzak argitzeko, Udalak agenda@durango.eus helbide elektronikoa eta 630 81 52 43 whatsapp zenbakia ipini ditu eskuragarri.