Tabirako Baque emakumeen talde nagusia Lauko Finalera sailkatu da

Anboto 2023ko mai. 2a, 11:00

Tabirako Baque emakumeen talde nagusia (Argazkia: Luis Iturrioz)

Maiatzaren 13tik 14rako asteburuan jokatuko du azken fasea.

Joan zen asteburuan Tabirako Baquek  63-70 irabazi zuen Loiola Indautxuren kantxara egindako bisitan eta matematikoki Euskadiko Ligako Lauko Finalerako sailkatu zen. Hitzordu garrantzitsu hori maiatzaren 13an eta 14an jokatuko du. Asteburuan jakingo da seguru azken fasea non jokatuko den.

Loiola Indautxuren kontrakoa ez zen garaipen erraza izan. Talde biak ia parean heldu ziren atsedenaldira: 35-36. Hirugarren laudenean abantailatxoa hartu zuten durangarrek eta horri eutsi zioten amaierara arte. Gorane Urain izan zen taldeko saskiratzaile nagusia 21 punturekin, euretako 15 hiruko marratik. Miren Arin (15 puntu) Paule Basozabal (11 puntu) eta Naia Sarasuaren (10 puntu) lana ere azpimarratzekoa izan zen.

Zapatuan, 18:00etan, liga erregularreko azken partidua jokatuko dute Landako Kiroldegian Mondragon Unibertsitatea taldearen kontra.

Gizonak, beste emaitzen zain

Tabirako Baque gizonen talde nagusiak, berriz, amaitu du denboraldia, baina oraindik ez daki estatu mailako EBA mailan jarraituko duen ala ez. Azken jardunaldian etxeko lanak egin zituen CB Solares taldea 83-78 menderatuta eta horri esker oraindik esperantzari eusten dio, baina beste emaitza batzuen menpe dago. Harrobia oinarri duen klub batentzat EBA bezalako maila indartsu bati eustea lorpen handia litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!