Tabirakok garaipena behar du etxean, esperantzari eusteko

Anboto 2023ko api. 20a, 13:15

Tabirako Baqueko Asier Arizmendiarreta jokalaria, ligako partidu batean. LUIS ITURRIOZ

Tabirakok gatx du EBAn jarraitzea, eta zapatuan, ligako azken partiduan, garaipena behar du dituen aukera urriei eusteko . 

Norbere etorkizuna besteek egiten dutenaren menpe egotea ez da egoerarik aproposena, baina Tabirako Baqué gizonen talde nagusia ataka horretan dago liga amaitzeko jardunaldi baten faltan. Lehenengo eta behin, zapatuan, 19:00etan, Solares taldearen kontra Landako Kiroldegian jokatuko duen partidua irabazi behar du, nahitaez. Garaipenak baino ez du balio. Ondoren, Ardoi eta Pielagos taldeek euren norgehiagokak galtzea behar du. Kasu horretan, Tabirako Baquek postu bat igoko luke eta hamaikagarren kokatuko litzateke. Orduan, igoera faseetan gertatzen denaren zain geratu beharko luke. Mailaz igotzen diren taldeen arabera, Durangoko klubak mailari eusteko aukera izango luke.

Beraz, mirari txiki bat behar du Espainia mailako ligan jarraitzeko, baina hobe da hori batere ez baino. Horregaitik, klubetik zaleei dei egin diete zapatuan Landako kiroldegira bertaratu eta taldea animatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!