“Aurten oinarriak ipintzea zen helburua; uste baino lehenago gabiltza fruituak batzen"

Anboto 2023ko mar. 12a, 10:20

Euskadiko Lehen Nazional Mailan dabilen Tabirako Baqué taldeak 13 partidu irabazi ditu azken hamalauetatik. Hirugarren tokian kokatuta dago eta aukera du Lauko Fasera sailkatzeko. Lesio dezente izan dute, baina bigarren taldetik eta harrobitik igotakoak bikain erantzuten dabiltza. Tabirako Baqueko kapitainetariko bat den Gorane Urainek taldearen aurtengo martxa onaren gakoak kontatu ditu. 

Pozik taldearen martxagaz?
Bai, oso pozik. Denboraldi hasieran talde berria ginen, talde gaztea. Gainera, jokatzeko sistema eta estrategiak aldatu genituen. Egokitu beharra izan genuen eta pieza txiki asko bateratu behar genituen. Hasieran kostatu egin zitzaigun, baina behin erritmoa hartu, pieza guztiak bere lekuan ipini eta elkar ulertuta, asko hobetu dugu. Aldaketak onerako izan dira. 

Lesioei ere aurre egin behar izan diezue.
Bai, lesio asko izan dugu eta postu guztietan gainera. Baina uneko egoerara egokitzen asmatu dugu. Behetik datozen jokalariak trebatzen lan ona egiten gabiltzala uste dut. Oso gazteak dira eta bikain egokitu dira. 

Kontatutakoak kontatuta, lortzen zabiltzatenak mirari txiki bat dirudi.
Lan onaren ondorioa dela esango nuke. Aurten, etorkizunerako oinarriak ipintzea zen helburua, sailkapenari begira helburu zehatzik ipini barik. Baina uste baino lehenago gabiltza fruituak batzen. Jokalariok eta entrantzaileok oso ondo elkar hartu dugu. Antxon Imaz, Joseba Arkarazo, Maren Ormaetxea eta Jorge Uriarte dira entrenatzaileak. 

Zazpi jardunaldi falta dira liga erregularra amaitzeko. Noraino heldu daiteke taldea?
Goiko taldeen kontra jokatu dugu dagoeneko. Aurretik geratzen dena ikusita, Lauko Finalera sailkatu gaitezkeela uste dut. Baina pausoz pauso goaz eta oinak lurrean ditugu. Kantxan irabazi dugulako urtebetez emakumeen liga nazionalean jokatzea litzateke nire ilusioa, nire ametsa. Hori lortuta eta esperientzia hori bizita ezin pozago erretiratuko nintzen. 

Ainhoa Baqué, Ane Garita, Mirari Aldekoa eta zu zeu 1995eko belaunaldiko uzta oparoko jokalariak izan zarete. Lehenengo biak erretiratu dira. Zuk zer asmo duzu?
Oraingoz ez dut horretan pentsatzen. Aurtengo urtean zentratuta nago. Baina, oraingoz, ez dut aurreikusten uztea. Oso gustura nago taldekideekin eta entrenatzaileekin. Oraindino gazte eta ondo sentitzen naiz.

Arlo pertsonalean, gustura zaude aurten egiten zabiltzan lanagaz?
Momentu onean nagoela uste dut. Kantxan gustura sentitzen naiz eta ondo konpontzen naiz taldekideekin. Hori igartzen dela esango nuke. Konfiantzagaz eta motibatuta nago. 

Txikitatik zaude Tabirakon. Klub hori baino ez duzu ezagutu. Ez duzu beste erronkaren bat probatu nahi?
Egia esan, inoiz ere ez dut pentsatu kanpora joatea. Tabirako familia bat da niretzat. Ez saskibaloiagaitik bakarrik, klubak ordezkatzen duenagaitik ere bai. Ni benetan motibatzen nauena hemen jokatzea da: nire etxean, lagunekin, familiagaz… Hemengoa sentitzen naiz. Ez dut neure burua beste klub batean imajinatzen.

Zure ama, Itsaso Gartzia, Tabirakoko presidentea izan zen. Berarengandik datorkizu saskibaloirako afizioa?
Bai. Asko dut amari eskertzeko, baina ez saskibaloirako zaletasunagaitik bakarrik, baita bidean asko lagundu didalako ere. Lan handia egin dut heldu naizen tokira heltzeko, baina amaren sostengua inportantea izan da niretzat. Entrenatzailea izan den osaba bat eta Juanjo Moreno ere inportanteak izan dira niretzat.

Gizonak EBA mailari eusteko borrokan dabiltza. Helburua lortuko dutela uste duzu?
Mailari eusteko kapazak direla uste dut. Liga potente batean eta etxekoekin jokatuta, euren lanak meritu handia du. Jaitsita ere ez litzateke ezer ere gertatuko. Esago nuke badakitela gatxa dela, baina oso borrokalariak dira eta seguru nago dena emango dutena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!