Durangoko gobernu taldeak PERIaren akordioa berretsi du herri galdeketaren bigarren urteurrenean

Anboto 2023ko mar. 14a, 14:15

Gaur bi urte bete dira Durangon tren geltoki zaharraren orubeari buruzko galdeketa egin zenetik. Gobernu taldeak Jaurlaritzarekin lortutako "akordioa aldarrikatu" du, "18 solairuko bost dorreen adreilukadaren aurrean". 

Durangoko gobernu taldearen iritziz "ustez mugiezina zen 18 pisuko bost dorreen proiektu hartatik, oinarri sozial garrantzitsuak dituen akordio batera igaro" da herria. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak adierazi dute herri galdeketa hura "mugarri garrantzitsu" bat izan zela Durangoko historian. 2021eko martxoaren 14an, 7.077 durangarrek eman zuten botoa, Landako Gunean ipinitako hautetsontzietan. 6.680 durangarrek baietzaren alde egin dute, hau da, PERI1 trenbidea proiektua gelditu eta parte hartze prozesu bat hastearen alde. 372, berriz, ezezkoan kokatu ziren, eta oraingoz indarrean dagoen proiektua babestu zuten. Galdeketako parte hartzea %28,57koa izan da.

Handik hilabete batzuetara, 2021eko abenduan, ailegatu zen bigarren albistea. Durangoko Udalak eta Jaurlaritzak "proiektu bideragarri bat" egiteko aurreakordioa adostu zuten. Eta, gaur, herri galdeketa egin zenetik urte oso bi pasa direnean, gobernu taldeak akordio hari eutsi dio. Hitzarmen haren arabera, Eusko Jaurlaritzak, uko egin zion lurpeko merkataritza-galeriaren bigarren fasea eraikitzeari, eta lurperatutako eremuan ekipamenduetarako gune bat eraikitzeko asmoei ere. Horri eskerrak "ahalik eta berdegune gehien" sortzea gura dute bi aldeek. Durangoko Udalak, trukean, ekipamenduetarako lursail bat utziko dio Eguzkitzan, etorkizuneko industrialdea garatzen denerako. Era berean, San Agustin komentua eta Pinondo Etxea utziko dizkio Jaurlaritzari, honek premia-egoeran dauden kolektiboentzako bizitokiak eraiki ditzan. Bestalde, bi aldeek adostu dute trenbide zaharraren trazadura osoa Durangoko Udalaren jabetzakoa izatea. Hori dela eta, udalak izango du gune horiek urbanizatzeko betebeharra. Azken puntu hau ere albiste izan da duela gutxi, Jaurlaritzak Udalari utzi baitio trenaren garai bateko trazadura lehengoratzeko ardura.  

Ibilbide honetan zehar izandako eztabaida eta ika-miken harira, gobernu taldeko kideek orain oposizioan dauden alderdien jarrera kritikatu dute. "20 urtez sineztarazi nahi izan ziguten proiektu horrek ez zeukala atzera bueltarik. Horren ostean eragozpen guztiak jarri zizkioten kontsultari, eta gobernura iritsi eta kontsulta ahalbidetu genuenean, jendeari beldurra sartzen saiatu ziren, galdeketa baino hiru egun lehenago esanez 264 milioi ordaindu beharko genituela. Denborak erakutsi digu ezetz, beraien bost dorreak geldiarazteko gai izan garela eta durangarrentzat askoz iraunkorragoa eta onuragarriagoa den proiektu baterantz goazela”, adierazi du gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!