Arai Lejardi eta Erika Mugartegi Winter Series txapelketako finalera sailkatu dira

Anboto 2023ko mar. 6a, 20:50

Ezkerretik hasita: Eneritz Lizardi, Helena Barrenetxea, Arai Lejardi eta Erika Mugartegi gaur Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.

Markina-Xemeingo bikoteak merezita lortu du finalerako txartela.

Arai Lejardi eta Erika Mugartegi markina-xemeindarrak Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Helena Barrenetxea durangarra baino gehiago izan dira gaur arratsaldean Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatutako finalerdian. Bi joko irabazita sailkatu dira finalera:15-8 / 15-4.

Irabazleek, gorriz jantzita, partidu serioa jokatu dute. Mugartegik ezarri du partiduko erritmoa, seigarren koadroan jarrita. Pilotari asko eman dio eta ia ez du bat ere galdu, bere atzelariaren antzera. Ez dira alperrik Europako txapeldunak. Atzera eta atzera, gorriek asko zigortu dute Lizardi, baina munduko txapeldunak nortasun handiz eutsi dio partiduari une askotan. Barrenetxeak, berriz, ezin izan du nahi bestetan sartu eta ezinean aritu da.

Beraz, emakumeen Winter Series-eko finala erabakita dago: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen kontra, martxoaren 13an. 

Gizonetan Erkiagak irabazi du Lopezen kontrako buruz buruko: 15-8/15-12.

650 zalek lepo bete dute Durangoko Ezkurdi jai Alai. Sarrera guztiak agortu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!