Oroimen Gunea ipiniko dute Durangoko hilerrian, bonbardaketa eta gero han lurperatu zituztenak gogoratzeko

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 1a, 13:10

Jesus Rodriguez Jauregi artistaren eskultura bat izango da memoriarako gune berriaren ardatza. Hilerriko berdegune batean ipiniko dute, iaz, bonbardaketa eta gero han lurperatu zituztenak topatzeko iaz arakatutako eremuan. Eskulturan, hilerrian lurperatu zituzten 84 biktimen izen-abizenak ipiniko dituzte.

Durangoko Udalak "zor oso garrantzitsu" bat kitatu gura du 1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketaren harira. Oroimen Gune bat ipiniko du egun hartan eta hurrengoetan kanposantuko hobi komunetan lurperatu zituzten biktimak gogoratzeko. Gune hori hilerriko zelai batean ipiniko dute, hain zuzen ere, iaz hobi komunik ba ote zegoen jakiteko bilaketa lanak egin zituzten eremuan. Jesus Rodriguez Jauregi artistak izango du Oroimen Gunea egiteko ardura. Eskultura bat ipiniko du bertan. "Euskal hilarri tradizionaletan inspiratutako lana izango da. Bi pieza izango ditu. Bertikala bata, eta zirkularra bestea. Zelanbait, eskaintzarako gune modura, harrerarako espazio modura irudikatu dut eskultura", azaldu du Rodriguez Jauregik. Eskultura burdinazkoa izango da, "memoriarekiko ardura indartzeko". Bertan, hobi komunetan lurperatu zituzten 84 biktimen izen-abizenak ipiniko dituzte.

Oroimen Gunea Martxoaren 30ean inauguratuko dute ekitaldi publiko batekin. Bertan, bonbardaketak eta gero kanposantuko hobi komunetan lurperatu zituztenak izango dituzte gogoan. Biktima horiek oroituko dituzte beren beregi. Biharamunean, berriz, Martxoaren 31n, bonbardaketaren biktima guztiak oroitzeko ekitaldiak egongo dira.

Hobi komunen arrasto barik

Gaur egun, Gerediagak, Durango 1936 elkarteak edo Aranzadik egindako ikerketei eskerrak, jakina da bonbardaketak eta gero gutxienez 84 biktima lurperatu zituztela kanposantuan, hobi komunetan. Dokumentazio hori egon badago. Baina kontua da hobi komunok eta horietan lurperatutako biktimak ezin izan direla orain arte lokalizatu. 84 horien izena-abizenak bai, berreskuratu dituzte, eta nortasun horiek leku berezia izango dute Oroimen Guneko eskulturan, bertan idatzita ipiniko dituzte-eta. "Biktimek eta horien familiek espazio bat behar zuten hilerrian, haien izen-abizenekin. Memoria mantentzeko, berba egiteko, negar egiteko, loreak eskaintzeko. Zortzi hamarkadatan isilarazita egondako biktima horiek leku bat izango dute aurrerantzean", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak. Julián Ríos alkateordeak adierazi du gune berria "aringarria" izango dela "familia askoren minarentzat". Edozelan ere, autokritika egin du, eta azpimarratu du oroimen gune hau "berandu, oso berandu" datorrela. "Ezinbestekoa da biktimen eta haien familien mina erreparatzea", gaineratu du. Azkenik, elkarteek egindako lana eskertu du alkateordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!