Zelan planteatu duzue azterketa?
Gogora taldeak memoria historikoaren inguruko ikerketak egiteko deialdia atera zuen. Bonbardaketaren hobi komunaren gaia lantzeko ideia sortu zen. Durango 1936 eta Gerediaga elkarteen ekimenez hasi zen ikerketa, udalaren babesagaz. Lehenengo fasea dokumentazioarena eta identifikazioarena izan da. Atal hori ezin da guztiz amaitutzat eman. Hasieran, 25 familia identifikatu genituen, eta fase hori ofizialki amaitutzat eman eta gero, bost familia gehiago agertu dira. Beraz, atea zabalik utzi behar da.
Ikerketa hau egiteko, hobiraturikoen zerrenda batean oinarritu zarete. Baina zerrenda hori galderaz inguratuta dago.
Jon Irazabalen eskuetara heldu zen mekanografiaturiko zerrenda bat da. Irazabalek 2001ean kaleraturiko liburu batean agertzen da. Berak beti pentsatu izan du Durangoko hilerriko liburutik falta diren orriei zegokien zerrenda zela. Baina hilerriko liburuan ez da hori bakarrik falta. 1936ko azarotik 1937ko maiatzera arteko orriak falta dira. 16 orri kendu zituzten. Orri horien artean, zerrenda hau dago. 127 ziren bonbardaketaren eraginez hilerrian enterraturiko pertsonak, datu ofizialen arabera. Horietatik 84 hobi komun batean edo batean baino gehiagotan lurperatu zituzten. Bestalde, zerrenda hori 1937ko Eusko Jaurlaritzak Euskadin egindako bonbardaketen txosten batean kaleratu zuen. Hilerriko zerrenda horri gehitu zizkioten Basurtura eta beste ospitale batzuetara ebakuatu ondoren hil zirenak. Irazabalen zerrenda eta Eusko Jaurlaritzarena berdinak dira.
Hobi komun bat ala bi izan daitezke?
Zerrendak bi aipatzen ditu. Pertsona bakoitzak zenbaki bat dauka. Zenbaki horri eskerrak, 40ko hamarkadan exhumazio bi egin zituzten.
Beraz, hobi komun horietatik gorpu bi atera zituzten?
Luis Altunaren testigantzaren arabera, 1943an bere aitaren gorpua desobiratu zuten handik. Beste pertsona bat ere desobiratu zuten 40ko hamarkadan, Arturo Gomez. Haren alargunari senarraren gorpuzkiak exhumatzera zihoazela jakinarazi zioten, presente egon zedin. Alargunak zalantza agertu zien, hobi komunean egotera ea zelan jakingo zuen senarraren gorpua zen ala ez. Senarraren objektu pertsonalak erakutsi zizkioten, eta ezagutu egin zituen. Gorpuzki horiek familiaren panteoira eraman zituzten. Ez dakigu beste gorpurik desobiratu zuten.
Zelan planteatu duzue ikerketa?
Hobi komunetan lurperaturiko biktimei izen-abizenak ipintzea da helburua. 84 pertsona hauengan zentratu gara. Kasu batzuetan, erregistroak ez du lurperaturiko personaren daturik ematen. Beste kasu batzuetan, gudariek erabiltzen zituzten identifikazio zenbakiak agertzen dira. Zenbaki horietatik hasita, hainbat izen aurkitzea lortu dugu. Beste batzuk gatxizena dute, 'Anselma La sillera', 'Pepe Curro'. Erregistro zibil eta parrokialetatik hasita lanketa handia egin da pertsona horiek identifikatzeko.
Zein beste zailtasun aurkitu duzue ikerketan zehar?
Durangotik kanpoko pertsona asko dago zerrendan eta horixe izan da zailtasunik handienetariko bat. Kontuan izan behar da Durangok gerratik ihesi zetorren errefuxiatu asko jaso zuela sasoi hartan. Gipuzkoatik zetozen asko. Otxandion eta Elgetan zegoen frontea. Bestalde, Durango ferrokarrilaren helmuga zen. Durangotik aurrera, linea hori etenda zegoen. Beraz, Durango zentro zibil eta militarra zen. Horri gehitu behar zaio inguruko herrietako baserritarrak merkatura etorri zirela euren jeneroa saltzera. Kontuan hartzekoa da egun horretan bonbardaketa bat baino gehiago egon zela. Abioiak arratsaldean ere etorri ziren.
Lekukoek diotenez, arratsaldean hegazkinetatik metrailatu zituzten pertsonak. Egun kaotikoa izan zen.
Bonbardaketaren lekuko askok kontatzen dute hildakoak hilerrira karroan igotzen ikusi zituztela.Arratsaldean, jende asko hilerrira igo zen hildakoak identifikatzera, eta bidean abiadoreek pertsona horiek metrailatu zituzten.
Familietara heltzeko, zein laguntza izan duzue?
Horretarako, sare bat sortu dugu memoria historikoa lantzen duten lekuan lekuko elkarteekin. Urruneko lekuetan, Karrantzan eta Zallan, esate baterako, gerra eta memoria landu dutenekin bat egin dugu. Sare horrek kontaktuak eman dizkigu eta horrek ikerketan lagundu du. Horrela, familiek zertan ari garen jakin ahal izan dute.
Zein izan da familien erreakzioa? Familia batzuek bazekiten euren senitartekoa hobi komunean egon zitekeela?
Batzuek bazekiten, senitartekoaren izena Jon Irazabalen zerrendan irakurrita; batez ere, izen-abizenekin zerrendan zeuden pertsona batzuen kasua da. Identifikazio zenbakia zuten gudarien kasuan, batzuk frontean hil zirela uste zuten senitartekoek. Otxandion eta inguruetan desagertutzat eman zituzten. Baina 85 urte daramatzate hilerrian lurperatuta.
Aranzadik urteak daramatza gai hau lantzen. Zergaitik heldu da hain berandu Durangoko azterketa hau?
Aranzadik eta Eusko Jaurlaritzak bulego bat zabaldu zuten jendearen eskaerak jasotzeko. Baina Aranzadik zuzenean ezin zuen azterketarik egin. Eskaeraren bat behar zuten. Bestalde, bonbardaketaren atal hau inork aztertu gura izan ez duen zerbait da. Jakintzat eman da, baina 85 urte geroago jendea non dagoen galdetzen gabiltza.
Durangoko hilerrikoa Euskal Herriko hobi komunik handiena izango litzateke?
Bai, kopuruari dagokionez ez dut uste estatu espainiar guztian gertaera bakarraren eraginez sorturiko hobi handiagorik egongo denik. Horregaitik, garrantzitsua da prospekzioa egitea, ikusteko hobi komun bat ala zanga bat den, eta bertan gorpuak duinki lurperatu zituzten ala ez. Kontuan izan hilerrietan gorpuak duintasunez hobiratzen direla. Hobi komunetara gorpuak bota egin daitezke. Baina, kasu honetan, herriko jendea izan zen pertsona hauek hobiratu zituena. Inguruko jendea zen. Beraz, ez dut uste gorpuak botatzen diren hobi komun bat denik. Modu jakin batean kokatuta egongo direla uste dut. Ñabardura hori garrantzitsua da. Ez bakarrik lan egiterako orduan. Familientzat ere garrantzitsua da jakitea euren senideek zein tratu jaso zuten. Bonbardaketa baten dramatismoaren barruan, hildakoak gutxiestearen gehigarri hori ez dagoela uste dut.
Lurperatu zituzten pertsonen zerrenda eguneratua:
'gerediaga.eus'
DURANGO / IURRETA
Concepción Andrade Loma (zibila) - Familia aurkituta
Jose Aulestiarte Icaran (zibila)
Maria Cruz Arroyo Majadas (zibila)
Teodoro Domínguez Macías "Tululú" (zibila) - Familia aurkituta
Carmen Ereño Canales - Familia aurkituta
Marcelina Ferandez Pérez (zibila) - Familia aurkituta
Carmen Fuentes Alonso (zibila)
Arturo Gómez Fernandez (desobiratua)
Jose Ignacio Irazabal Madariaga "Curro" (zibila) - Familia aurkituta
Sebastiana Larrinaga Iruri (Mardones leku batzuetan) (zibila) - Familia aurkituta
Dulce María Lezámiz Pérez (zibila)
Caridad Lezámiz Pérez (zibila)
Regino Mateo Reposo (zibila) - Familia aurkituta
Daniel Olea Garaita (zibila) -
Familia aurkituta
Balasi Olea Garaita (zibila) - Familia aurkituta
Nicasio Pérez Argoitia (zibila)
Luis Tellitu Belausteguigoitia (gudaria) - Familia aurkituta
Nicolás Uriarte Unamuno (gudaria) - Familia aurkituta
Mª Teresa Uriarte Urriolabeitia (zibila) - Familia aurkituta
Victoriana Zabaleta Ormaechea (zibila) - Familia aurkituta
Carmen Zaldívar Goicoechea (zibila)
Concepción Zarandona Orbea (zibila) - Familia aurkituta
Anselma Barrueta Urcelay "la sillera"
Luis Altuna Aberasturi (zibila - desobiratua) - Familia aurkituta
Victoria Urriolabeitia Uribe (zibila) - Familia aurkituta
ABADIÑO
Florentina Lariz-Zubi-Errementeria Leaniz-Beascoa (zibila) - Familia aurkituta
MALLABIA
Vicente Larrinaga Güenechea (zibila) - Familia aurkituta
Martín de Astarloa y Zubia (gudaria) - Familia aurkituta
ELORRIO
Pablo Azcarragaurizar Uríbarren (gudaria) - Familia aurkituta
Marcos Cengotitabengoa Mendicoechea (gudaria) - Familia aurkituta
JATORRI EZEZAGUNA
Florencio Bilbao Guerediaga (gudaria)
BILBO
Pablo Areitio Cuesta
Juan Lezama Larrea (gudaria)
Avelino Rico Garcia (gudaria)
Ricardo Crespo Ayerra (gudaria) - Familia aurkituta
ERANDIO
Eduardo Blanco Ramos (gudaria) - Familia aurkituta
BARAKALDO
Ricardo Redondo Mariscal (gudaria) - Familia aurkituta
KARRANTZA
Vicente Santisteban Abascal (gudaria)
ZALLA
Pablo Rolloso Álvarez (gudaria) - Familia aurkituta
EIBAR
Feliciano Errasti Elgoibar (zibila) - Familia aurkituta
Vitoriano Lizarriturri Barrutia (zibila) - Familia aurkituta
ELGOIBAR
Ángel Suárez Echevarria (gudaria) - Familia aurkituta
ARETXABALETA
Concepción Gago Raposo (zibila) - Familia aurkituta
DONOSTIA
Marcelino García Romeral (zibila)
Ignacio Lombide Alberdi (gudaria) - Familia aurkituta
José Antonio Luengas Lapeña (erlijiosoa)
Marcelino Merino Rasines (gudaria) - Familia aurkituta
Ángel Santillana Madrid (gudaria) - Familia aurkituta
Eugenio Vergara Gutiérrez
Mauricio Ayestaran Elustondo (gudaria)
Bonbardaketaren osteko irudia Durangoko hilerrian. Gerediaga elkartea.