Durangon Ourdaybik auzolanean egindako boulderra aurkeztuko du barikuan

Joseba Derteano 2023ko ots. 28a, 08:37
2018an boulderreko lehenengo zatia aurkezteko egindako ekitaldia.

Urteetako lanaren ostean boulderra erabat amaituta dagoela ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 3an, Landako Kiroldegi azpiko lokalean.

Ourdaybi kirol taldeko kideek urteetan auzolanean egindako lanari eskerrak, Landako Kiroldegi azpiko boulderra erabat amaituta dago eta lorpen hori herritarrekin eta erabiltzaileeekin ospatu gura dute. Horregatik, jai bat antolatu dute martxoaren 3ko barikuan, bertaratu gura duten denentzat. Boulderra aurkeztuz hasiko dute ekitaldia, 18:00etan. Ondoren, Ourdaybiko hainbat kidek egindako ikus-entzunekoak eskainiko dituzte eta luntx batekin erramatatuko dute jaia, 20:30ean. Tartean, sorpresaren bat ere egongo da.

Boulderra egiteko lanak fase bitan burutu dituzte. Lehenengo zatia 2018an amaitu zuten eta orduan ere herritarrei begirako aurkezpena egin zuten. Alex Txikon mendigoizalea izan zen gonbidatuetako bat. Orain, boulderreko bigarren zatia ere amaituta dagoela ospatuko dute.

Ourdaybik 30 urtetik gora daramatza abenturari lotutako kirolak sustatzen eta une honetan osasuntsu daude. "Egon zen sasoi bat apur bat kostatu zitzaiguna, baina orain biziberrituta gaude. 40 bat ginen eta orain 240 bat erabiltzaile daude", dio Ourdaybiko Javier Canales Osinaga 'Joni'-k. Askotariko ekintzak antolatzen dituzte: eski irteerak, paretean autoerreskatea egiteko kurtsoak, eskalada irteerak... "Ourdaybi jendartera zabaltzen eta ikusgaitasuna ematen jarraituko dugu. Herritarrei bertako kide izateko dei egiten deigu. Ateak zabalik ditugu", adierazi du Canalesek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!