[BIDEOA] Ourdaybik 30 urte bete ditu abentura kirola eta konpromiso soziala uztartzen

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 10a, 11:30

Imajinatu soka bat. Abentura kirola dauka mutur batean. Lagun arteko giroa, konplizitatea, bestean. Eta imajinatu orain sokalagun horiek 30 urte egiten dituztela banandu barik. Bada, horixe da Ourdaybi. Elkarte durangarrak 30 urte bete baititu abentura kirola jendarteratzen eta Durangoko ekosistema sozialean bide bat urratzen. Sasoiko ailegatu da bere 30. urteurrenera: 200 bazkidegaz eta kirol abenturaren erreferente bihurtuta. Aurrerantzean ere, hormetan gora zein ibaietan behera egiten jarraitu gura du, eta urteurreneko ekintzak prestatzeari ere eskainiko dio tarte bat.

Javier Canales Osinaga 'Joni' (Durango, 1973) Ourdaybiko 200 kide horietariko bat da. Bizitza erdia darama elkartean. Asko aritu da batetik bestera. Eskaladan, gehienbat. Baina baita bestelako kiroletan ere. Bere esanetan, elkarteak abentura kirola bistaratzen lagundu du hamarkada hauetan guztietan. "Nik uste dut Ourdaybik ikusgaitasuna eman ziela oraindino errotzear zeuden hainbat kiroli. Gaur egun Decathlon bat dugu ondoan. Eskaladari buruzko informazioa nahinon dago. Baina garai hartan eskalada egitea gatxa zen; arroila jaitsiera bat antolatzea, are eta gatxagoa; piragua bat edukitzea ez zen bideragarria inorentzat, eta espeleologiagaz, beste horrenbeste. Beraz, iruditzen zait Ourdaybik praktikatzeko gatxak ziren kirolak erraztu zizkiola garai hartako gazteriari", adierazi du Canalesek.

Kirol taldeak Zuberoako Ourdaibi arroilari zor dio izena. Elkartearen sortzaileek handik hartu zuten elkartea izendatzeko ideia, arroila-jaitsieretariko batzuk inguru hartan egiten zituztela eta. Berehala etorri ziren gainerako abentura kirolak: raftinga, espeleologia irteerak, piraguismoa, Durangoko jaietako erreka jaitsiera, eta, zelan ez, eskalada. Eskalada izan delako (eta delako) Ourdaybiren hezurmuina. Canalesek dioenez, eskaladan aritzen direnak dira elkarteko kide "ia denak", nahiz eta bestelako kirolak praktikatzen dituen gutxiengo bat ere badagoen.

Lehenengo boulderra
Taldearen ibilbidean funtsezkoa izandako mugarri bat Tabirako boulderra izan zen. Hura izan zen Durangon eraikitako lehenengo boulder estalia. Udalak Landako I kiroldegikoa ipini baino lehenago ipini zuen Ourdaybik berea. “Boulderra Tabirako igerilekuen azpian geneukan, udalak utzitako lokal batean. Lokala materiala gordetzeko erabiltzen genuen. Irteeraren bat egin gura zuela-eta etortzen zen jendea, piragua, neopreno edo material eske. Gero, lokalari bigarren erabilera bat eman genion. Boulderra ipini genuen. Hura atondu arte, Goiuriako ermitako hormetan egiten genituen gure entrenamenduak”, dio Canalesek. Boulderrak zuzenean eragin zuen elkarteko kideen hartu-emanetan. Erreferentziazko elkargune izatera ailegatu zen. Gerora, baina, Tabirako igerilekuak txarto zeudela eta, udalak lokala hustea erabaki zuen. Ourdaybik lokal hartatik beste batera lekualdatu behar izan zuen.

Gaur egun, Landako I Kiroldegiaren azpialdean dute lokala, musika taldeen entsegu lokalen ondoan. Lekualdaketa horregaz batera, taldea are eta gehiago jendarteratzea lortu dute. “Herritarrek izena emateari ekin zioten eta kide kopurua hazi egin da. Eskalada irteera bat antolatuko dugu Etxaurira (Nafarroa), mendi orientazioari loturiko ikastaro bat egingo dugu, eta neguko irteera bat ere egingo dugu”, aurreratu du Canalesek.

Lorpenik handiena, soziala
30 urte hauetan, Ourdaybiko kideek eskaladako hamaika bide berri zabaldu dute. Zailtasun maila askotako hormetan ibili dira gora eta behera. Baina Canalesek argi dio: “Taldearen mugarririk handiena ez da kirol probei edo txapelketei lotuta egon. Taldearen  mugarririk handiena lorpen sozialean dago". Lehen, futbola edo saskibaloia zen dena, horretan zebiltzan denak. Hortik kanpora bazeunden, izorratuta zeunden. Baina Oudaybik ekarpen handia egin du arlo sozialean. Gazteriaren sektore bati lagundu diolakoan nago”, gaineratu du.

Orain, Ourdaybik bere konpromiso soziala jendarteratzen jarraituko du. Jardunaldiak egingo ditu urteurrena ospatzeko, udaberrian ahal dela. Eta, batek daki, akaso bide berri bat zabalduko dute beste 30 urtetarako.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!