Tabirako Baqueren emakumeen taldeak partidu denak irabazi ditu azkenengo hilabete bietan

Anboto 2023ko ots. 6a, 10:42
Araski eta Tabirako Baqueren arteko partiduko irudia (Argazkia: Irene Berrenetxea)

Asteburuan bederatzigarren garaipena eskuratu du segidan.

Iazko azaroaren hasieran Unibasket Logroñoren kantxan galdu zuenetik hona, Tabirako Baquek bederatzi garaipen kateatu ditu. Araski taldea izan da durangarren aurrean burua makurtu behar izan duen azken aurkaria (63-74); eta Gasteizko taldea Lehenengo Nazional Mailako talderik indartsuenetakoa da. Bigarren zeuden Tabirakoren aurka jokatu aurretik; orain, Durangoko klubarena da postu hori.

Antxon Imaz, Joseba Arkarazo, Maren Ormaetxea eta Jorge Uriartek zuzendutako neskek lehenengo zatian oinarritu zuten garaipena: 14-23/31-40. Hirugarren laurdenean 11 puntu bakarrik sartu zituzten (47-51), baina azkenengoan mailarik onena erakutsi zuten berriro. Gorane Urainen 15 puntuak garrantzitsuak izan ziren garaipenerako.

Datorren domekan Afilados Gasteiz Araba taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpora.

Gizonen taldeak ere garaipena

EBA mailan dabilen gizonen taldeak ere garaipena eskuratu du asteburuan: 60-73 Aspasia Real Valladoliden kantxan. Garaipen honekin —bigarrena jarraian— sailkapenean gora egin eta hamaikagarren tokian kokatu dira. Datorren domekan, 12:00etan, Santurtzi taldea hartuko dute Landako kiroldegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!