Tabirako Baquek segidan zazpigarren garaipena lortu du

Anboto 2023ko urt. 24a, 09:14

Asteburuan 63-72 menderatu du Mondragon Unibertsitatea taldea etxetik kanpora.

Tabirako Baqueko emakumeen taldea bolada onean sartuta dago. Zazpi garaipen daramatza bata bestearen atzetik eta Euskadiko Lehen Nazional Mailako laugarren postura igo da. Domekan 63-72 nagusitu zitzaion Mondragon Unibertsitatea taldeari etxetik kanpora.

Hurrengo asteburuan etxetik kanpora jokatuko du berriro. Easo saskibaloi taldearen aurka neurtuko ditu indarrak zapatu arratsaldean. Tabirako Baquek irabaziko balu Donostiako taldea harrapatuko luke sailkapenean.

Gizonen talde nagusiak, berriz, galdu egin zuen sailkapenean aurkari zuzena duen Megacalzados Ardoi taldearen aurka: 83-65. Durangarrak gehiago izan ziren lehenengo laurdenean (19-23), baina bigarren laurdenetik aurrera Nafarroako taldea une oro gailendu zen.Tabirako Baqueren aldetik Xabi Arroitajauregi (20 puntu, 7 errebote), Jon Aldekoa (13 puntu, 6 errebote) eta Enaitz Errastiren (13 puntu) lana nabarmendu daiteke.

Asteburuko porrotarekin, Tabirako Baquek sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du lau garaipenekin. Zapatuan, 19:00etan, Bilbao Basket taldea hartuko du Landako kiroldegian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!