Tabirako Baqueren garaipenak 1.000 zale batu zituen Landako kiroldegian

Anboto 2023ko urt. 30a, 12:53
Landako kiroldegiko irudia. 1.000 lagun batu ziren. (Argazkia: Kepa Bordes Argoitia)

Durangarrek garaipen baliotsua lortu zuten EBA mailari eusteko borrokan.

Taldeak zaleen hauspoa behar zuen eta hauek ez zuten hutsik egin. Landako kiroldegia lepo bete zen zapatuan —1.000 bat pertsona— Tabirako Baqueren eta Fundacion Bilbao Basket-en arteko partiduan. EBA mailari eusteko borrokan dabilen Tabirako Baquek garaipena behar zuen eta baita lortu ere: 84-78. Xabi Chicok eta Asis Iturbek zuzendutako taldeak partidu bikaina jokatu zuen Bilbao Basketen filiala azpiratzeko. Azpimarratzekoa da hirugarren laurdena, zeinetan 27 puntu sartu zituzten.

Jokalarien lanari dagokionez, nabarmentzekoak dira Ivan Saez de Cortazar (13 puntu, 8 errebote), Xabi Arroitajauregi (22 puntu, 8 errebote), Lorentzo Uriarte (18 puntu, 5 errebote) eta Enaitz Errastiren lana (13 puntu, 2 errebote). 

Orain arte, Tabirako Baqueko gizonen taldeak bost garaipen lortu ditu hamabost partidutan eta azken bigarren dago sailkapenean, postu bat gorago dagoen Ardoi taldearekin berdinduta. Garaipen bat gorago daude Solares eta Grupa Inmapa Filipenses taldeak.

Domekan, 12:00etan, sailkapenako azkenengo tokian dagoen Valladoliden kantxan jokatuko dute.

Umeentzako deialdia

Bestalde, 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako mutikoek saskibaloia probatu dezaten, honako hiru dateak antolatu ditu klubak: otsailak 12, otsailak 26 eta martxoak 12. Goizean, 10:30etik 11:30era Landako eskolan egongo dira. Izen-ematea eskolak@tabirako.eus helbide elektronikoaren bidez egin daiteke.

(Argazkia: Luis Iturrioz)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!