“Durango erdigunea da, baina jaialdiak herririk herri antolatu gura ditugu, eta zesta-punta herri txikietara hurreratu”

Anboto 2023ko ots. 3a, 09:00
Ezkerretik hasita: Iñigo Aldekoa-Otalora Txintxurreta (Durango, 1976), Gudiker Alberdi Arrieta (Durango, 1976) eta Pedro Mari Garcia Garitaonandia (Zaldibar, 1950), Durangoko pilotalekuan.

Iñigo Aldekoa-Otalora, Pedro Mari Garcia eta Gudiker Alberdi Durango Jai Alai zesta-punta elkarte berriko kideak dira eta Durangon zesta-punta biziberritzea dute helburu.

Durangon badago zesta-punta eskola bat, Ezkurdi Jai Alai izenekoa. Elkarte berria hura ordezkatzeko sortu da?
Iñigo Aldekoa-Otalora: Ezkurdi Jai Alai orain 30 urte sorturiko kluba da eta orduko denporetako klub txiki baten egitura du. Frontoi eraberrituagaz eta orokorrean zesta-puntak bizi duen birjaiotze momentuagaz, zesta-punta munduan ibilitakoak garen hainbat lagunek klub hori txiki geratu zela ikusi genuen, eta egitura modernoago eta berriago bat behar zuela garai berrietara egokitzeko. Ikuspegi horregaz, klub berri bat sortzea erabaki genuen. 
Pedro Mari Garcia: Elkarte zaharrak ekainera arte iraungo du eta gero berriak hartuko du gidaritza.
I.A: Baina, azkenean, teknizismo bat da. Denok elkarregaz gabiltza eta hona datozen gazteei berdin die kluba bata edo bestea izan. Inportanteena da metodo berriak darabiltzan proiektu berriztu eta moderno bat aurkituko dutela. Zesta-punta klub berria anbiziotsua da. 

Egitura modernoan eta metodo berrietan gehiago sakondu zenezakete?
I.A: Diziplina anitzeko jendea departamentuka banatuta dago. Bakoitzak bere zereginak ditu. Esaterako, batzuk administrazio kontuez arduratuko dira: diru sarrerak lortzeaz, gastuak kudeatzeaz… Metodoei dagokienez, umeak gustura eta entretenituta egotea gura dugu. Adibidez, ni klub honetara batu nintzenean, 1985ean, zesta hartu eta pilota zelan jaurti ikasten ibiltzen ginen; ariketa bera behin eta berriro, egunetan zehar, harik eta hormara heldu arte. Orduan pazientzia geneukan, baina oso gatxa da gaur egungo umeak hainbeste denboran gauza bera egiten mantentzea. Aspertu egiten dira. Beraz, ariketek dibertigarriak eta dinamikoak izan behar dute; umeak pozik ibiltzea, horixe bilatuko dugu. 

Nortzuk izango dira monitoreak?
I.A: Kirol arloko hiru arduradun daude zuzendaritzan, baina eurak ez dira izango monitoreak. Jende gaztea eta  formakuntza duena ekarri gura dugu; esaterako, Soin Hezkuntzako ikasketak dituena. Aurreratu dezakegu monitoreetako bat Aritz Erkiaga izango dela. Monitoreak aldatzen joango dira. Pertsona bat luzaroan badago erre egin daiteke. 
Gudiker Alberdi: Otsailaren 12an, 11:30etik 13:00etara ate irekien jardunaldi bat egingo dugu. Bertara gonbidatuta daude umeak eta euren familiak. Atea denentzat egongo da zabalik. Etorkizunean, ez dugu Durangora mugatu gura. Durangaldean ere egin gura ditugu gauzak. Mañarian, Garain... Durango erdigunea da, baina jaialdiak herririk herri antolatu gura ditugu, eta zesta-punta herri txikietara hurreratu. Historikoki Durangaldeko hainbat herritan egon dira zestalariak. Orduan eurak etortzen ziren Durangora. Orain geuk joan gura dugu eurengana. 

Gaur egun neska bakarra dago klubean. Ahalegin berezirik egingo duzue neska gehiago batzeko?
I.A: Nesken klub erreferente bat bihurtu gura dugu geurea. Markinan badaude neska batzuk, Mutrikun ere bai, baina gaur egun nesketan ez dago erreferente edo onena lez hartu daitekeen klubik. Epe laburrean mutiletan onena izatea oso gatx daukagu, beste klub indartsu batzuk daudelako. Baina aukera bat ikusten dugu nesketan erreferentzialtasuna lortzeko, eta horren alde lan egingo dugu. Gainera, abantaila bategaz hasiko gara: emakumeen Winter Series txapelketa Durangon egingo da laster. Horrek promozio itzela egingo digu. 

Bazkide kanpaina martxan duzue.
I.A: Bai, bazkide egitea urtean 20 euro da eta interesdunek durango.jaialai@gmail.com helbidera idatzi dezakete edo telefono hauetara deitu: 666 176 286/650 482 198. Eta zuzendaritzarako emakumeren bat animatuko balitz, ateak zabalik ditu. 

Eraman Jai Alai enpresak behin baino gehiagotan adierazi du Durango garrantzi handiko plaza dela eurentzat. Esperantza izateko berbak dira.
I.A.: Historikoki plazarik garrantzitsuena izan da Durango. Hiriburuetatik hurbil dago, 30.000 biztanle ditu eta ondo komunikatuta dago. Durango zesta-puntari beste aupada bat emateko tranpolin lez ikusten dutela uste dut. 
Pedro Mari Garcia: Izan ere, frontoirik onena da zesta-puntaz gozatzeko! Pilotaren soinua, zaleen hurbiltasuna… Edonon jarrita ere pilotarien gainean zaude ia. Oso frontoi atsegina da partiduak ikusteko.

Pilotalekua lepo bete zen irekieran. Baina nobedadea ere bazen. Epe ertainera, mantenduko ote da interesa?
G.A.: Oraindino ez dago jakiterik. Baina, esaterako, zesta-puntagaz sekula hartu-emanik izan ez duen jendea ikusten dut Gernikako frontoian. Hori esanguratsua da. Familian joaten dira, eta herritik kanpokoak dira batzuk. Bilbotik doaz, Getxotik… Lehen ez zen horrelakorik ikusten. Eraman enpresakoek aldatu egin dute zesta-puntaren eredua; orain ikuskizun erakargarriagoa da. Gernikan funtzionatzen du. Durangon? Ikusiko dugu.
I.A.: Arrakastarako gakoetariko bat zesta-punta eskola da. 50-60 ume badabiltza, euren familiekin bakarrik  giroa egongo da frontoian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!