Goi mailako zesta eta pilota partiduekin inauguratuko dute Durangoko Ezkurdi Jai Alai eraberritua

Joseba Derteano 2023ko urt. 16a, 15:08

Durangoko Udaleko, eta, zesta eta pilota elkarteetako kideak gaurko aurkezpenean.

Urtarrilaren 27ko barikuan zesta partiduak egongo dira gaur eguneko zestalari onenekin. Urtarrilaren 29ko domekarako, berriz, pilota jaialdia antolatu dute Unai Laso eta Aimar Morgaetxebarria lako pilotariekin.

Euria kalean eta ziku barruan. Urteetan makina bat buruhauste eragin dituen itoginen arrastorik ez da izan gaur Ezkurdi Jai Alain, pilotaleku eraberritua inauguratzeko prestatu diren partiden aurkezpenean.

Zestako eta pilotako jaialdi bi antolatu dituzte. Lehenengoa urtarrilaren 27an, 19:30ean, hasiko da. Zestako partidu bi egongo dira ikusgai. Bata, emakumeena: Helena Barrenetxea durangarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra Erika Mugartegi markinarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarraren kontra. Bestea, gizonena: Aritz Erkiaga eta Jon Zabala Iñaki Goikoetxearen eta Unai Lekerikaren aurka. "Gaur egun zestan antolatu daitekeen jaialdirik onenetakoa da", adierazi du Eraman Jai Alai enpresako Zigor Etxebarriak. Sarrerak LOTURA HONETAN eskuratu daitezke (10 euro).

Pilota jaialdia egun bi geroago antolatuko dute, urtarrilaren 29an. Lehenengo, 16.30ean, Durangoko pilota eskolako gazteen partiduak egongo dira. Ondoren, 18:00etan, partidu estelarra hasiko da: Unai Laso eta Endika Uriondo Iñaki Artolaren eta Aimar Morgaetxebarriaren aurka. Sarrerak LOTURA HONETAN eskuratu daitezke (15 euro).

Gogoratu behar da otsailaren 27tik aurrera, hiru astez, emakumeen Winter Series zesta-punta txapelketako partiduak ere jokatuko direna. 

Pilota promotoreentzat plaza "inportantea"

Baiko enpresako arduradun komertziala den Unai Iglesiasek adierazi du Durangoko pilotalekua aintzat hartuko dutela aurrerantzean. "Guretzako oso garrantzitsua da Durangoko pilotalekua eta urtean zehar txapelketetako partiduak antolatzeko asmoa dugu".

Eraman Jai Alai zesta enpresako kidea zen Zigor Etxebarriak, berriz, "aspalditik itxaroten" zeuden momentu bat dela onartu du. "Gure zirkuiturako plaza inportantea da eta zirkuituaren barruan sartuko dugu. Aurrerantzean Durangoko pilotalekuan txapelketak antolatzeko esperantza dugu".

Pilota eta zesta eskolakoak, "pozik"

Durangoko pilota eskolako eta Ezkurdi Jai-Alai zesta eskolako arduradunak "pozik" daude pilotalekuagaz. Biak otsailaren hasieran itzuliko dira euren 'etxera'. "Aldaketa handia da eta gustura gaude. Sarrera erakargarriagoa da. Zoruak itxura ona du eta probatzeko gogoz gaude", adierazi du pilota eskolako Txaber Zabalak. "Polito geratu da", zesta eskolako arduradun Pedro Mari Garciaren ustez ere. Zorua eta ezker horma probatzeko "gogoz" daude zelan erantzuten duten jakiteko.

Azpiegitura "duinak" erabiltzaileentzat

Ima Garrastatxu alkateak "amaitutzat" eman ditu frontoiko lanak gaurko aurkezpenean. "Ukitu txiki" batzuk bakarrik falta dira; esaterako, ezker horma garbitzea. Gogoratu du pilotalekua "sinbolo" bat izan dela urte askoan Durangorentzat eta durangarrentzat eta horregatik eurentzat "garrantzitsua" zela eraberritzea. "Apustu inportantea izan da", gehitu du.

Frontoia eraberritzeak 1.271.826 euroko inbertsioa eskatu du. Besteak beste, estalkia aldatu, zorua berriztu eta argiztapena hobetu dute. Honela, erabiltzaileentzat azpiegitura "duinak" egin gura izan dituzte. "Seguru pilotaleku honetan, belaunaldiz belaunaldi, kirolari onak hezten ikusiko ditugula".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!