“Ikuskizun ona eskaini eta emakumeok zesta-puntan jokatu dezakegula erakutsi genuen”

Joseba Derteano 2023ko ots. 3a, 09:00

Helena Barrenetxea (Durango, 2007) Durangoko zesta-punta eskolan dabilen neska bakarra da. 15 urtegaz, ibilbide luzea geratzen zaio aurretik, baina dagoeneko badu marka bat historiarako geratu dena eta inork kenduko ez diona: Ezkurdi Jai Alaiko eraberrituko lehenengo pilotakada berea da. Inaugurazio jaialdiko partiduan jokatu zuen eta estreinako sakea berak atera zuen.

Txapa gorri jausi zen eta hasierako sakea zeuri egokitu zitzaizun. Ilusioa egin zizun hasierako sakea egiteak?
Ilusio handia egin zidan, bai. Hori betiko geratuko da hor eta asko pozten nau. 

Egun garrantzitsua eta frontoia lepo. Urduri sentitu zinen?
Hasieran bai. 650 ikusle, asko ezagunak, eta denak zuri txaloka. Gainera, gorriz jokatu genuen eta irabazteko faboritoak ginen. Ez da erraza. Hasieran presioa igarri nuen. Lehenengo zortzi tantoetan oso urduri nengoen, baina partiduak aurrera egin ahala neure burua lasaitzea lortu eta gustura ibili nintzen.  

Irabazi egin zenuten?
Ez, lehenengo set-a galdu, bigarrena irabazi eta hirugarrena 4-5 galdu genuen. Dena dela, emaitza ez zen garrantzitsuena. Ikuskizun ona eskaini eta emakumeok zesta-puntan jokatu dezakegula erakutsi genuen, eta horixe da inportanteena niretzat. 

Noiztik zabiltza zesta-puntan eta zelan hasi zinen?
Bederatzi urtegaz hasi nintzen. Aita eta ama markinarrak dira eta aitita-amamak han bizi dira. Markinan zesta-punta hemen futbolaren parekoa da. Aititak pilotari asko ezagutzen ditu, eta, behin, Markinako frontoian nengoen beragaz. Orduan ikusi nuen zesta-punta lehenengoz eta kirol desberdina iruditu zitzaidan; erakarri egin ninduen. Kasualitatez, hurrengo egunean Durangoko pilotalekuko jendea informazioa zabaltzen zebilen eta aitari esan nion: "Probatu egin behar dut". Horrela hasi nintzen. 

Aurretik beste kirol batzuk probatu zenituen?
Bai, saskibaloia, eta oraindino jarraitzen dut, Tabirakon. 

Eta zelan uztartzen dituzu kirol biak?
Txandakatzen. Saskibaloiko entrenamendu bat galtzen badut, bada, hurrengoan zesta-puntako bat galtzen dut, eta horrela. Partiduak bateratzea ere ez da erraza. Baina, gurasoek esaten didaten moduan, ikasketak dira inportanteena. Ikasketak lehenengo, eta gero beste dena.

Txapelketak jokatzen dituzu?
Durangoko zesta-punta eskolan neska bakarra naizenez, federazioetako ligak beste eskola batzuekin jokatzen ditut. Esaterako, Bizkaikoa Berriatuko eskolagaz jokatu nuen. Han ere neska bat dabil eta beragaz ibili nintzen. Orain Markinagaz nabil Euskadi mailako torneo batean.

Emakume asko zabiltzate Euskal Herrian?
Oso gutxi gaude. Hamar bat. Berez neska asko dago, baina ez dute jokatu gura. Beraz, zesta-punta eskolak batu egiten gara eta elkarregaz aritzen gara.

Zesta-punta eskola berrituagaz neska gehiago hasiko den esperantza duzu?
Bai. Aukera ona da neska gehiago batzeko. Joan zen barikuan erakutsi genuen neskak ere berdin-berdin aritu gaitezkeela zesta-puntan. Bultzada bat emateko balio izatea espero dut. Orokorrean, eskola berria neska zein mutil gehiago batzeko aukera da. Onurak ekarriko dituela uste dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!