Pilotaren jai handia egin dute gaur Durangoko Ezkurdi Jai Alai frontoiaren berrinaugurazioan. Profesionalen partiduaren aurretik, pilota eskolako ume eta gazteen txanda izan da. Hitzordua baliatuz, omenaldi hunkigarria egin diete Maite Gorrotxategiri eta Txaber Zabalari.
Maite Gorrotxategi, erraketista izan zen 40ko hamarkadan. Besteak beste, Bartzelonako Sol y Sombra eta Logroñoko Jai Alai pilotalekuetan jokatu zuen, guztira lau urte emanez erraketari lotuta. Bidegilea izatearren, 96 urteko erraketistak lore-sorta eta gaztetako argazkia oroigarri legez jaso ditu.
Txaber Zabalak 15 urte daramatza pilota eskolan entrenatzaile. Ibilbide hori aintzat hartuta txalo zaparrada jaso du etxean. Gainera, ekitaldian pilota eskolako Jose Maria Agirre 'Peter' eta Angel Sauto gogoratu dituzte.