[ARGAZKI GALERIA]: Durangoko Ezkurdi Jai Alai frontoi eraberrituaren inaugurazioan herriko puntista historikoak omendu dituzte

Anboto 2023ko urt. 27a, 21:18

Adolfo Elizegi, Pedro Mari Garcia 'Garita', Rafa Ibarretxe, Roberto Azkarate, Rafael Gorroño, Iñaki Aperribai, Juan Luis Zarrabeitia, Luis Cuerpo eta Roberto Elgea omendu dituzte. 

Hamar hilabeteren ostean berriro ere Durangoko Ezkurdi Jai Alai frontoiko ateak zabalik daude. Lepo bete da Durangoko frontoia eta giro paregabea egon da. Gaurkoan goi mailako zesta partiduak egon dira, eta gainera, herriko puntista historikoak omentzeko ekitaldia egin dute. Guztira bederatzi puntista omendu dituzte: Adolfo Elizegi, Pedro Mari Garcia 'Garita', Rafa Ibarretxe, Roberto Azkarate, Rafael Gorroño, Iñaki Aperribai, Juan Luis Zarrabeitia, Luis Cuerpo eta Roberto Elgea. 

Frontoi eraberrituko lehenengo partiduan gainera, durangar batek jokatu du Helena Barrenetxea durangarrak. Barrenetxeak Eneritz Lizardi mutrikuarragaz jokatu du, Erika Mugartegi markinarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarren kontra.

Domekan pilota partiduak

Domekan, urtarrilak 29, pilota jaialdia hartuko du Ezkurdi Jai Alai frontoiak. Lehenengo, 16.30ean, Durangoko pilota eskolako gazteen partiduak egongo dira. Ondoren, 18:00etan, partidu estelarra hasiko da: Unai Laso eta Endika Uriondo Iñaki Artolaren eta Aimar Morgaetxebarriaren aurka.

Eta hurrengo mugarria emakumezkoen lehenengo Winter Series txapelketa izango da, otsailaren 27an hasi eta hiru astez luzatuko dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!