Elkarte berria sortu dute Durangon zesta-punta eskolari bultzada emateko

Anboto 2023ko urt. 26a, 10:49
Jai Alai elkarteko kideak.

Gazteen artean zesta-punta sustatzea da aste honetan aurkeztu duten Durango Jai Alai elkartearen helburua.

Durangoko frontoiaren berrikuntzagaz batera, elkarte berri bat sortu dute herrian: Durango Jai Alai. Elkarte berriak Durangoko zesta-puntaren kudeaketan azken 30 urteetan ibili direnen ekarpena jaso du eta kide berriekin bultzada sendoa eman gura diote harrobiari. "Kolektiboaren lehenengo helburua eskola berritu bat bultzatzea da, hainbat elementu berritzaile dituena, eta inguruko eskolentzat eredu bihurtu gura du", azaldu dute elkarteko ordezkariek.

Elkarteak ate irekien jardunaldiak prestatuko ditu hurrengo asteetan, pilotalekua bisitatu eta eskolaren funtzionamendua ezagutu gura dutenentzat. Honez gainera, zabalik dauka bazkide berriak hartzeko aukera. Informazioa jasotzeko: durango.jaialai@gmail.com emailera idatzi daiteke edo telefonoz deitu 666 176 286 / 650 482 198 zenbakietara.

Frontoiaren konponketa

Asteburu honetan Ezkurdiko frontoi berrituaren inaugurazioa egingo dute. Barikuko zesta-puntako profesionalen partidurako sarrerak agortuta daude dagoeneko. "Ezbairik barik, Ezkurdi Jai Alai enblematikoaren birmoldaketa erabakigarria izan da sorturiko proiektu honi azken bultzada emateko, eta eskolaren jarduera sustatuko du. Beraz, ez da kasualitatea Eskolaren aurkezpen data inaugurazioagaz batera aukeratu izana", adierazi dute elkarteko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!