Ezkurdi Jai Alai pilotaleku eraberrituak urtarrilaren 27an irekiko ditu ateak zesta jaialdi batekin. Bada, egun horretarako sarrerak agortuta daudela jakinarazi du Jai Alai enpresak. Salmentan jarri eta 10 egunera saldu dira.
Zestako partidu bi egongo dira ikusgai. Bata, emakumeena: Helena Barrenetxea durangarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra Erika Mugartegi markinarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarraren kontra. Bestea, gizonena: Aritz Erkiaga eta Jon Zabala Iñaki Goikoetxearen eta Unai Lekerikaren aurka. Sakea ateratzea egokitzen bazaio, Barrenetxea durangarra (15 urte ditu) frontoi eraberrituan lehenengo pilotakada ematen duen pilotaria bihurtu daiteke.
Egun bi geroago, urtarrilaren 29ko domekan, esku pilota jaialdi bat egongo da ikusgai.