Zarratuta egongo da aurrerantzean, obrak direla eta. Durangoko Udalak Ezkurdiko frontoia berritzeko lanak hasiko ditu apirileko lehenengo astean, eta lanak datorren urte hasierarako amaituta egotea aurreikusi du. Frontoia erabiltzen duten kirol klubetako arduradunek eta udal ordezkariek agerraldia egin dute gaur. Azken hauek esan dute "inbertsio oso garrantzitsua" izango dela. Obra osoa ia 1.300.000 euroko aurrekontuagaz egingo dute, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiak ipinitako 488.000 euroak barneratuta.
Obrek lau ildo nagusi izango dute: teilatua aldatzea, sarbide eta irisgarritasun lanak egitea, kantxa berritzea eta efizientzia energetikoari loturiko lanak egitea. Teilatua aldatzera bideratuko da aurrekontuaren zatirik handiena. Izan ere, azken urteotan hezetasunak eta itoginek hartuta egon da frontoia, bertan aritu diren kirol kluben lana oztopatzeraino. Egingo dituzten beste jarduera batzuk honakoak dira: frontisa, ezker pareta eta lurra berritzea, zesta puntan erabili ohi den sarea aldatzea, kantxarainoko irisgarritasun lanak egitea, eta energia efizientziari loturiko aldaketak egitea. Udal arduradunek adierazi dutenez, herritarrek frontoia berritzeko eskariak egin dituzte azken urteotan, eta eskari horiek entzun ostean instalazioak berritzea erabaki dute.
Entrenamenduak San Fauston eta Kurutziagan
Bien bitartean, Ezkurdiko frontoia erabili izan duten klubek beste leku batzuetan egin beharko dituzte entrenamenduak zein partidak. Txaber Zabala Durangoko pilota eskolako arduradunak aurreratu duenez, umeek San Faustoko frontoian entrenatuko dute aurrerantzean. Partidak eta federazioari loturiko lehiak, berriz, Mañariko frontoian egingo dituzte. Zesta puntari dagokionez ere, antzeko. Pedro Mari Garcia 'Garita'-k jakinarazi du umeek Kurutziaga ikastolako frontoian egingo dituztela entrenamenduak. Federazioari lotutako lehiak Izurtzako frontoian jokatuko dituzte. Dena dela, noiz edo noiz Markina-Xemeingo, Lekeitioko edo Gernikako frontoietara ere antolatu gura dituzte irteerak.