Durangoko EAJk kiroldegietako lan gatazka konpontzeko neurriak eskatu ditu

Anboto 2022ko abe. 15a, 10:01

"Beharrezkoak diren orduak eta jarduerak bermatzea" eskatu diote gobernu taldeari.

Durangoko EAJk "kezka" agertu du Durango Kirolak entitateko langileen kexak direla eta. Azpikontrataturiko Sedena S.L. enpresako langileek kiroldegiko zerbitzu-orduak "murriztu" direla salatu zuten duela aste gutxi. Horren aurrean, jeltzaleek, gaur,  "beharrezkoak diren orduak eta jarduerak bermatzea" eskatu diote gobernu taldeari. EAJren iritziz, 2020an, gobernu taldeak "murrizketa handiak" egin zituen kiroldegietako zerbitzuan, eta horrek "eragin nabarmena" izan du, "ordu eta jarduera kopuruan, zerbitzuaren kalitatean" eta "lan-gatazkan". 

Durangoko alderdi politikoek Durango Kirolak zerbitzurako plegu berriak onartu zituzten azaro erdialdean. Aho batez adostu zituzten, 595.899 euroko oinarrizko prezioa finkatuta. Kirol zerbitzuetara bideratutako diru partida %166 igo zuten 2020ko kopuruekin alderatuta. EAJk urte hartako "akatsa zuzendu" egin zela adierazi zuen azaroan. Orain, baina, "pandemiaren aurreko datuak alderatuta", orduak eta zerbitzuak "berreskuratu barik" daudela adierazi dute. Horren aurrean, honako proposamen hauek aurkeztu dizkiete gobernu taldeari: 2018ko kontratuen urteko 10.500 orduak berreskuratzea, hilean 140 orduko kirol-jarduera eskaintza berreskuratzea, 8:00etako eta eguerdiko spinning orduak berreskuratzea, yogako 10 saioak berreskuratzea, eta beharrezkoa balitz, "gutxiegi erabiltzen diren H, Circuit Express edo G aretoak erabiltzea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!