Durangoko kirol zerbitzuetara bideratutako diru kopurua %166 handituko dute

Anboto 2022ko aza. 14a, 12:01

Udalak kirol zerbitzuen kontrataziorako pleguak onartu ditu. Lizitazioaren oinarrizko prezioa 595.899 eurokoa izango da, 2020koa baino %166 handiagoa. EAJk dio duela urte bi egindako "atzerapausoa" zuzendu dela kopuruokin.

Kontratu horregaz arautuko dute Durangoko Udalaren kirol espazioetan eta instalazioetan garatzen diren jarduerak eta zerbitzuak. Berrikuntza modura, Mugiment programa txertatuko dute zerbitzuan. Hau da, Osakidetzak, Durangoko Adinekoen arloak eta beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan, kirol sustapena eta orientazio zerbitzuak jasotzen dituen zerbitzua.

Kontratazio publikoak honako lote hauek izango ditu:

  • 1. lotea: Fitness aretoa dinamizatzea, kontserbatzea eta mantentzera: 197.308 euro.
  • 2. lotea: Jarduera fisiko eta kirol jardueren programak diseinatzea eta garatzea, musika euskarriekin edo gabe: 240.572 euro.
  • 3. lotea: Rokodromoa eta eskalada praktikatzeko eremu osagarriak dinamizatzea, zaintzea eta mantentzea; 71.341 euro.
  • 4. lotea: Herritar guztiek jarduera fisikoa egiteko sustapen, orientazio eta aholkularitza zerbitzua: 86.677 euro. 

"Zerbitzuaren kalitatea bermatzea"

EAJren iritziz, denborak "arrazoia" eman dio. Duela bi urte, kirol zerbitzuan "eskainitako ordu kopuruan" eta lizitazioaren prezioan  "murrizketa handia" gertatu zela diote jeltzaleek. "Denborak arrazoia eman ditu eta kontratua murrizteak zerbitzuaren kalitateari eragin dio, eta gero eta kexa gehiago jaso dira", esan dute ohar batean. "Pozten gara 2020an egindako akatsa zuzentzeaz eta kontratu berrian hobekuntzak sartzeaz," gaineratu dute. Horrez gainera, Durango Kirolak entitateari eskatu diote "zerbitzuaren kalitatea bermatzeko neurriak" hartzea, "kontratu berriari itxaron gabe". 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!