Durangoko kiroldegietan zerbitzu-orduak "murriztu" direla salatu dute langileek

Anboto 2022ko abe. 5a, 14:04

Alarma egoeran egondako "murrizketak" gaur egun indarrean jarraitzen duela diote.

Durango Kirolak entitateko beharginak, eta zehatzago esanda azpikontrataturiko Sedena S.L. enpresako beharginak, kexu dira, euren berbetan "murriztu" egin direlako Durangoko kirol instalazioetako zerbitzuak. ELA sindikatuak Durangoko Udala egin du egoeraren erantzule. Sindikatuaren arabera, "normalizatu" egin dira pandemia sasoian egin ziren "murrizketak". ELAren esanetan, izurria baino lehen Durangoko kirol-zerbitzua "astean 140,5 ordukoa" zen. Baina "kopuru hori murriztu egin zen pandemian, eta duela gutxira arte zerbitzuak astean 81 ordu zituen. Hala ere, eta dagoen eskari handia dela eta, jarduerak astean 94 ordura izatera pasatu dira", adierazi du sindikatuak ohar batean. ELAk ez du "orduen murrizketa" ulertzen, kontuan hartuta "erabiltzaileak jarduera desberdinetarako talde gehiago eskatzen ari direnean". Fitness aretoko monitoreen lanaldia ipini dute adibide modura. Lanaldia "murriztu" zaiela diote, nahiz eta  fitness aretoan "1020 erabiltzaile zeuden" izurria aurretik, eta "1275" egon gaur egun.

Bilkura eske

Sindikatuaren iritziz, "zerbitzuaren ordu-murrizketa" Durangoko Udalak harturiko "erabakien ondorio" da. "Agintari politikoekin eta udaleko langileekin batzen saiatzen ari gara, baina oraingoz ez da posible izan", diote. "Beharrezkoa ikusten dugu alde biak elkartzea eta aipatu dugun egoerari buelta emateko konponbideetara iristea, besteak beste, pandemiaren aurreko zerbitzua berreskuratuz", gaineratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!