Bost hamarkada eta gero, behera bota dute

Anboto 2022ko abe. 2a, 14:04

Montevideo eta Uribarri kaleen bidegurutzean egondako eraikina historiara pasa da. Eraikinaren jabeek, Durangoko Udalagaz halantxik adostuta, eraikuntza bota dute azken asteotan. Udalak ingurua egokitzeko lanak hartuko ditu beregain.

Kitu, bota dute. Montevideo eta Uribarri kaleen bidegurutzean egondako eraikina ezerezean geratu da aste gutxian. 70eko hamarkadatik hona hainbat erabilera izan dituen eraikina, urte luzez ordenaziotik kanpo egondakoa, ez da gehiago Durangoko erdigunean ikusiko. Udalak eta eraikinaren jabeek egitura botatzeko hitzarmena sinatu zuten otsailean. Jabeek hartu zuten botatze lanak ordaintzeko ardura. Uda ostean ekin zieten lanei, eta hamar asteren ostean bota dute.

Udalak azaldu duenez, eraikina errekaren ibilguan egoteak eta aldamenean etxebizitzak izateak botatze lanak "zaildu" ditu. Aurrerantzean ingurunea atontzeko lanak egin gura dituzte. “Momentu garrantzitsua da Montevideo kaleko eta inguruko bizilagunentzat. Gaur, 50 urteren ondoren, beren pisuagatik erori dira eraistea ezinezkoa zela edo eraistea durangar guztion artean ordaindu behar genuela zioten baieztapen guztiak. Oraindik lan handia dago ingurua egokitzeko, baina eraikina desagertu egin da behingoz. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei azken 10 aste hauetan eta urte luzeetan izan duten pazientziagatik", esan dute udal gobernu taldeko kideek. 

Eraikin "irregularra"

Durangoko gobernu taldeak hainbat aldiz azpimarratu du eraikinaren "irregulartasun" egoera. Eraikina 1964an altxatu zuten, eta handik urte batzuetara, 1970ean, Auzitegi Gorenak ilegala zela ebatzi zuen. "Eraikina bota ahal izateko epea 1985era artekoa zen", gobernu taldearen berbetan, baina eraikinak gaurdaino iraun du. Auziak bira eta korapilo asko izan ditu hamarkadetan zehar. Azkena, aurtengo otsailean. Euskadiko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Durangoko Udalak eta URAk aurreko legegintzaldian hartu zuten akordioa. EAJk eta PSE-EEk osaturiko gobernu taldeak eta URA agentziak eraikina erdi bana botatzea adostu zuten 2018ko otsailean. Baina Herriaren Eskubideak helegitea ipini zien asmo haiei, eta Euskadiko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion alderdi moreari. Udalak eta URAk 2018an sinaturiko akordioa baliogabetzat jo zuen. Aurtengo otsailean, udalak eta jabeek eraikina botatzeko ituna adostu zuten. Jabeek botatze lanak ordaintzeko ardura hartu zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!