Uribarri 23 eraikinaren jabeek akordioa sinatu zuten atzo Durangoko Udalagaz. Sinatutakoaren arabera, jabeek konpromisoa hartu dute eraikina botatzeari dagozkion kostuak euren gain hartzeko. Gainera, eraisketa prozesua hasteko beharrezko baimenak eskatu dizkiote URA agentziari. Azken hilabeteotan, Durangoko Udala, URA eta eraikinaren jabeak negozioaketetan aritu dira. Hiru aldeek aurre akordioa lortu zuten iazko azaroan. Horren arabera, eraikinaren jabeek eraispena ordaintzea onartu zuten, URAk Montevideo kaleko zubiak moldatzeko lanak egingo ditu 1.160.000 euroko inbertsioagaz, eta, azkenik, Durangoko Udalak bertan geratzen den lur arloa egokituko du.
Durangoko Udalaren berbetan, akordioak "inguruko bizilagunen aspaldiko eskaera bati" erantzuten dio. "Hitzarmen honi eskerrak, jabegoak ordainduko du eraisketa. Orain, URAk erantzun behar dio jabetzaren eskaera formalari, ahalik eta lasterren eraisten hasteko”, azaldu dute Durangoko agintariek.
EAJ "pozik" akordioagaz
Durangoko EAJ "pozik" agertu da akordioagaz. "Eraikin horren eraispenarekin zonaldeko segurtasunik ezaren ta osasungarritasunik ezaren arazoetako bat konpontzen da. Gainera, gobernu-taldea gai izan da aurreko legegintzaldietan beraiek oztopatu zuten akordio bat negoziatzeko eta lortzeko", azaldu dute jeltzaleek.