Gose greba amaitutzat eman du zaratagatik kexu zen Kalebarriako bizilagunak

Anboto 2022ko aza. 23a, 12:03
Iker Fernandez astelehenean, udaletxeko atarian.

Udaleko zinegotziekin izandako batzarra "oso emankorra" izan dela dio.

Durangoko Kalebarrian bizi den Iker Fernandez Cristobalek (Zornotza, 1978) gose greba hasi zuen astelehenean Durangoko udaletxeko atarian. Gau-giroko taberna bateko zaratak atseden hartzea galarazten ziola-eta, irtenbideak eskatzen zizkion udalari.

Gaur goizean udaleko ordezkariekin batzartu da, han jasotako azalpenekin gustura dago eta, ondorioz, gose greba amaitutzat eman du. "Batzarra oso ondo joan da eta emankorra izan da. Zinegotzien partetik jarrera benetan ona ikusi dugu. Aurrera begirako pauso batzuk adostu ditugu. Besteak beste, esan digute enpresa espezializatu batek zarata neurketak egingo dituela nire etxibizitzan. Beraz, gose greba amaitutzat eman dut", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!