Durangoko Udalak neurketak egingo ditu zaratagatik kexatutako bizilagunaren etxebizitzan

Anboto 2022ko aza. 21a, 16:59

Irailean pubaren gaineko hiru-lau etxebizitzatan egindako azterketak “legearen barruko” emaitzak eman zituela dio Aritz Bravo zinegotziak, baina herritarraren kexak aintzat hartuta, bere etxean beste neurketa batzuk egingo dituztela aurreratu du.

Iker Fernandez bizilagun durangarra behin baino gehiagotan kexatu da udalean bere etxebizitza azpiko pub-ak gauetan ateratzen duen zarataren inguruan. Kexa horien harira Gobernu Taldea egoera aztertzen hasi zen uda ostean. Orduan konturatu ziren tabernari orain hamarkada batetik gora emandako irekiera lizentziak “gabezia” batzuk zituela eta dokumentu batzuk “falta” zirela, Aritz Bravok gogoratu duenez. Esaterako, zarataren neurketaren txostena falta zen. Dokumentu horiek jaso bitartean taberna itxita egon zen irailean, bi-hiru astez.

Ostean, udalak neurketa hori egiteko eskatu zion tabernari. Neurketak enpresa espezializatu batek egin zituen, lehenengo pisuetako hiru-lau etxebizitzatan. “Legearen barruko emaitzak eman zituen. Beraz, dena ondo zegoela ikustean, berriro zabaltzeko baimena eman zitzaion tabernari”, dio Bravok.

Arazoa konponduta zegoela uste zuten, baina Iker Fernandez herritarrak kexatzen jarraitu du. Hori ikusita, udalak dio zarataren neurketak egingo dituela bere etxean bertan. “Joan zen astean bere abokatuarekin berba egin genuen zarataren azterketa egingo zela jakitera emateko. Gaur goizean beragaz zuzenean egon gara eta esan diogu bihar goizean udaleko teknikari batek deituko diola, azterketa egiteko egunak zehazteko”, azaldu du Bravok. Lehenengo azterketa udaltzainek egingo dute, mota horretako neurketak egin ahal izateko formakuntza jaso dutelako. Ondoren, enpresa espezializatu batek egingo ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!