Txibitenako haur parke berria ireki du Durangoko Udalak

Anboto 2022ko aza. 17a, 09:17

Udal ordezkariak Txibitena parkean.

Sasikoan eta Zabalarra ikastetxeko haur parkean ere hainbat lan egiten dabiltza. Guztira, 83.495 euroko inbertsioa gauzatu du udalak.

Durangoko Udalak bi haur parke berriren obrak bukatuko ditu egunotan Txibitena eta Sasikoa auzoetan, eta hauei Zabalarrako ikastetxeko haur parkean egin diren lanak gehitu behar zaizkie. Lan hauetarako, 83.495 euroko inbertsioa egin dute udalean. Txibitenako parkea asteazken honetan ireki eta datozen egunetan Sasikoakoa bukatzea espero dute, udaleko ohar batean aurreratu dutenez.

“Gure herriko haurrek baldintza duinetan dauden haur parkeak merezi dituzte, eta egia da herritik sakabanatuta genituen hainbat parkeen egoera tamalgarria zela, urte luzez mantenurik izan ez dutelako. Lan hauekin umeen aisialdirako baliabideak hobetzen saiatu gara”, adierazi dute Patxi Lakuntza eta Aritz Bravo zinegotziek.

Haur parke berri hauek Durangoko Udalak San Ignazion eta 2021ean inauguratu zen Otamotzenako parkean egindako lanen osagarri dira. Horrez gain, gobernu taldearen (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Podemos) eta PSE-EEren arteko 2022ko Aurrekontuetarako akordioaren barruan, San Inazioko parkea estaltzea erabaki dute hiru aldeek. Horretarako, 200.000 euroko diru partida gorde da.

Bukatzeko, 2023rako Aurrekontu Partehartzaileetan Ibaizabalen, Tabiran eta San Fauston haur parkeak eraikitzea erabaki dute durangarrek. Lan hauek aurrez aipatutako lanei gehituko zaizkie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!