Ima Garrastatxu alkateak (EH Bildu), Julian Rios alkateordeak (Herriaren Eskubidea) eta Jesica Ruiz PSEko bozeramaileak ohar batean jakitera eman dutenez, San Inazioko jolas gunea estaltzea adostu dute. Haur parke bat estaltzea izan zen hiru aldeek aurtengo aurrekontuei begira akordio bat lortzeko adostu zuten proiektuetako bat.
Udal teknikariek estalkia jartzeko hainbat haur parke proposatu ondoren, hiru alderdi politikoetako ordezkariek San Inazio parkea estaltzea adostu dute, eta, horretarako, aurtengo aurrekontuetan 200.000 euroko partida gordeta dago, hiru aldeen arteko akordioaren ondorioz.
Kokalekua aukeratu ondoren, Udaleko arduradun teknikoak plegu teknikoak prestatzen ari dira, proiektua lizitaziora atera eta, ondoren, gauzatu ahal izateko.
"Duela urtebete hiru alderdien artean lortutako akordioak durangarren ongizatea hobetzeko balioko du. Behin kokalekua erabakita, proiektua lehenbailehen gauzatzeko aurrera egiten jarraitzea espero dugu”, Garrastatxuk, Riosek eta Ruizek azaldu dutenez.