Durangoko Udalak urtea amaitu orduko ireki gura du Plateruena

Anboto 2022ko ira. 28a, 22:16

Gaurko udalbatzarrean gobernu taldeak azaldu duenaren arabera, izaera publikoa eta komunitarioa uztartzen dituen ereduak islatzen du ondoen prozesu parte hartzaileetan plazaratutakoa.

Durangoko EAJk Plateruenaren inguruko proiektuari buruzko azalpenak eskatu dizkio gobernu taldeari gaur arratsaldeko udalbatzarrean. Mozio baten bidez egin du eskaera.

2020ko abenduan itxi zenetik prozesu parte hartzaile bi gauzatu dira Plateruenaren etorkizunari buruzko iritziak jasotzeko; udalarena, bata, eta herritar talde batek gauzatutakoa, bestea. Baina harrezkero ezer ez dakitela esan du EAJko Jon Sergio Atxotegik eta honako galdera luzatu dio gobernu taldeari: Zer egitea pentsatu duzue orain urte bi itxi zen eraikin horretan? PSE-EEko Jesica Ruizek bat egin du galdera horrekin.

Gobernu taldeko Iker Urkizak hainbat pauso eman dituztela azaldu du. Alde batetik,  proiektu berriak hartu beharko lukeen izaera juridikoa aztertzen aritu dira, udaleko teknikariekin batera. Horretarako, besteak beste, beste herri batzuetako ereduak arakatu dituzte: Azpeitiko San Agustin kulturgunea, Madrilgo Mataderoa eta Zaragozako beste bat. 

Informazio guztiarekin txosten juridiko-teknikoa landu dute. Uztailean amaitu zuten txostena. Bertan Plateruena kudeatzeko hiru eredu aurreikusten dira: kudeaketa zuzena (udalak kudeatua), zeharkakoa (kontsezio bidez) eta partekatua, hau da, publiko-komunitarioa. "Azken hori da prozesu parte hartzaileetan jasotakoak ondoen islatzen dituena. Eredu horri forma ematen ari gara", azaldu du Urkizak.

Eredu publiko-komunitarioak honakoa esan nahi du. "Udalak bere baliabideak jarriko ditu eta komunitarioa izango da Durangoko elkarteak, eragileak eta sortzaileak kontuan hartuko dituen heinean. Hortik kultur-mahaia irtengo da eta mahai hori izango da Platerueneko kultur arloko motorra", dio Urkizak. 

Lanak eraikinean

Paraleloki hainbat lan burutu dituzte udalaren jabetzakoa den eraikinean: mantenu lanak, ikuskapenak... Guztira 38.500 euro inbertitu dituzte. Jarduera-lizentzia ere atera dute. 

Horrekin batera, proiektu berriak izango lukeen gastua (argindarra, gasa, mantenua...) kalkulatu eta datorren urteko aurrekontuetan aurreikusi dute. Hain zuzen, 2023ko aurrekontuetan 313.000 euroko diru-atala gorde dute gastu horietarako. 

Dena kontuan hartuta, urtea amaitu aurretik ireki gura dute Plateruena. Abendu hasieran,  Durangoko Azokan, Ahotsenea gunea kokatuko da bertan eta horren ostean irekitzen saiatuko dira. "Abenduan, Ahotsenearen ostean, irekitzen saiatuko gara eta ezin bada 2023 hasieran".

Mozioa aho batez onartu da

Azkenean EAJk aurkeztutako mozioa aho batez onartu da. Izan ere, mozioak prozesua amaitzea eta Plateruena irekitzea eskatzen du eta gobernu taldekoek adierazi dute horrekin ados daudela. Beraz, denek aldeko botoa eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!