Durangoko EAJk "Platerueneko prozesua bukatzea, proiektua definitzea", eta instalazioaren ateak "durangarren gozamenerako lehenbailehen" zabaltzea eskatu dio gobernu taldeari. Jeltzaleek horren berri eman dute goiz honetan, hedabideetara bidalitako oharrean. Mireia Elkoroiribe bozeramaileak adierazi duenez, Plateruenak "berebiziko garrantzia izan du Durangoko kultura-esparruan". Herriko "erdigunean dagoen udal-eraikina" izanik eta "sarbide erraza" izanik, "gazteen aisialdian paper garrantzitsua" izan dezakeela iritzi dio.
Plateruenak 2020ko abenduaren 31n zarratu zituen ateak. Handik gutxira loratu zen Durangoko hainbat herritarrek eta kultur eragilek gidatutako Plateruena eta gero zer? dinamika. Prozesu parte hartzaile hartan Plateruenerako proposamen bat diseinatu eta udalaren mahai gainean ipini zuten. Udalak berak beste parte hartze prozesu bat ipini zuen martxan, Platerueneko proiektua bideratzeko asmoz. "Bi dinamika horien arabera, Plateruenak gazteriari eskainitako gunea izan beharko luke, eta euskara, kultura eta sormena hartu beharko lituzke balio nagusitzat. Bi partaidetza-prozesuek, gainera, hainbat ideia eta proposamen zehatz ekartzen zituzten proiektua definitzeko. Hala ere, ez dugu horren berririk izan, eta bitartean Plateruena Kafe Antzokiak, Durangoko kulturarentzat gune enblematikoa izan denak, itxita eta proiekturik gabe jarraitzen du", iritzi dio Elkoroiribek.
Gaia Durangoko alderdi politiko guztiek eztabaidatuko dute arratsalde honetan, EAJk bertara eramango du-eta eskaria jasotzen duen mozioa.