2023ko inbertsio nagusiak Aramotz, Antso Estegiz, Madalena eta Plateruena izatea aurreikusi du Durangoko gobernu taldeak

Anboto 2022ko ira. 28a, 15:16

Durangoko gobernu taldeak prest dauka 2023ko udal aurrekontuen proposamena. 40.540.000 euroko diru poltsagaz, Durangoko "historiako aurrekonturik handienak" izango direla adierazi du. Oposizioagaz negoziatzeko eta "hainbat partida" adosteko "prest" agertu da gobernu taldea.

Durangoko gobernu taldeak 2023ko udal aurrekontuetarako proposamena aurkeztu dio oposizioari. Datorren urtekoak udalaren "historiako aurrekonturik handienak" izango dira, %4,7 altuagoak aurtengoen aldean. 40.540.000 eurotik gorako diru kopurua izango dute eta gobernu taldeak inbertsioetara bideratu gura ditu poltsa horretatik 4.500.000 euro. Inbertsio nagusien artean honako hauek nabarmendu dituzte:

  • Aramotz Berritu (1.500.663 euro).
  • Antso Estegiz kalea berrurbanizatzeko lehen fasea (639.525 euro).
  • Ibaizabaleko, Tabirako eta San Faustoko umeen jolasguneak berritzea (428.000).
  • Madalenako plaza eta ermita berritzea (385.000 eta 100.000 euro).
  • Plateruena zabaltzea (313.000 euro). 
  • Trantsizio energetikoa (350.000 euro).

Bestalde, arlo sozialak aurten baino "zenbateko ekonomiko handiagoa" jasoko duela esan du gobernu taldeak. 2023rako Durangoko "historiako Aurrekonturik handienak izango ditugu; aurrekontu hedakorrak izango dira, durangarren bizi kalitatea hobetuko duten proiektu estrategikoak gauzatzeko balioko digutenak. Ibilbide orri bezala balio digun Gobernu Plan bat dugu, eta 2023rako kontu hauek aukera ematen digute Plan horretan sartzen diren neurriak gauzatzeko", adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varela arlo ekonomikoko arduradunek. Aurrekontu parte hartzaileetara 800.000 euro bideratuko dituzte.

Negoziazioak oposizioarekin

Aurrekontu proposamena oposizioari aurkeztu ondoren, gobernu taldeko arduradunek "bilera batzuk" egitea proposatuko diete, "haien iritziak edo ekarpenak entzuteko". Oposizioa entzun eta haregaz eztabaidatzeko eta negoziatzeko "beti prest" agertu dela adierazi du gobernu taldeak. Adibide modura ipini dute duela iaz PSE-EErekin lorturiko akordioa. Halaber, oposizioagaz "hainbat partida" negoziatzeko prestutasuna agertu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!