'Plateruena: Lantegi eta erakusleiho' kultur gunea kudeatzeko proposamena aurkeztu duzue. Zeintzuk dira proposamen horien ardatzak?
Ane Arbeo: Gure ustez, Plateruenak kultur sorkuntzaren prozesu osoa garatzeko espazio bat izan behar du, hau da, sorkuntzen emaitza erakusteko gune bat izateaz gainera, sorkuntza prozesuak sustatu, hauspotu eta lekua emango dien gunea izan behar duela uste dugu. Horregaitik da proposamenaren izenburua 'lantegi eta erakusleiho'. Denborak eta esperientziak erakutsi digute ostalaritzaren eta kulturaren arteko hartu-emana uztartzen. Kultura ardatz duen proiektua garatu gura bada, ostalaritzako ekipamenduak horren osagarri lez erabili beharko lirateke soilik. Astean zehar, besteak beste, ikastaroak, tailerrak, erresidentzia artistikoak, ikus-entzunezkoen ekoizpenak egingo lirateke. Kultur transmisio horizontalean ere sakondu gura genuke, sortzaile-hartzaile dikotomia lausotu eta elkarrengandik ikasteko. Beste ardatzetariko bat euskararen sustapena litzateke.
Aritz Lasarguren: Durangoko kultur ekosisteman eragiteak eta berau sustatzeak ere berebiziko garrantzia dute Plateruena berrian. Horrez gainera, proposamenak izaera publiko komunitarioa izango du. Plateruenak zerbitzu publikoa eskainiko luke eta herritarrak egitasmoan inplikatzeko mekanismoak erabili beharko lituzke.
Jaso duzue erantzunik?
A.A.: Aurreko astean aurkezpen publikoa egin eta gero, proposamenaren kopia bana bidali genien udaleko zinegotzi bakoitzari. Dena dela, udal gobernuagaz batu izan gara gure proposamena aurkeztu eta dinamikaren berri emateko.
A.L.: Guk dakigula, udalak ez du oraindino Plateruenaren inguruko erabakirik hartu. Hurrengo asteetan alderdi politiko guztiekin batzeko asmoa dugu.
Durangoko hainbat kultur eragileren eta sortzaileren ekarpenak jaso dituzue proposamenean.
A.A.: Guztira, 22 elkarte eta erakundegaz batzartu gara, eta kultura munduko 34 pertsonagaz aurrez-aurre batu gara iritziak partekatzeko. Horrez gainera, lau saio ireki egin ditugu hileotan, eta bertan 82 lagunek parte hartu dute. Guztira, lau saio ireki izan dira; lehenengoan Platerueneko egitasmoari buruz hausnartu genuen, eta ondorengoetan gai espezifikoak jorratu genituen: kultura, euskara eta parte hartzea.
A.L.: Era kolektiboan osatu gura izan dugu proposamena hasieratik. Izan ere, jarrera irekia erakusteaz gainera, uste dugu proposamena bera aberastu eta balio erantsia emango diola.
Durangotik kanpora ere egon gara zenbait esperientzia ezagutzen: Elorrioko Arriolan, Azpeitiko (Gipuzkoa) San Agustinen eta Gernikako (Bizkaia) Astran, esaterako.
Durangoko kultur mahaiaren sorkuntza ere aipatzen duzue. Ez da proposamen berria.
A.L.: Urteetan hainbat saiakera egin da Durangoko eskaintza kulturala batzeko eta koordinatzeko, zenbait arrazoirengaitik errotu ez direnak. Herri legez kulturarekiko perspektiba bateratua izateko beharrizana dagoela nabaria da. Gune bakoitzaren autonomia mantenduta, kultur eragileek zein erakundeek koordinaziorako esparru baten beharrizana dute.
A.A.: Kultur ekosistema elikatzea eta kultur eragileen sarea osatzea du helburu gure proposamenak. Durangok kultur egitarau bateratu bat behar du, agenden koordinazioa baino haratago doana. Bertan, kultur egitarau bat jarraikortasunez eskaintzen duten Durangoko espazioetako ordezkariek (San Agustin kultur gunea, Bixenta Mogel Biblioteka, Bartolome Ertzilla Musika eskola, Arte eta Historia museoa...), udaleko kultur teknikariek eta kultur zinegotziek osatuko lukete mahaia. Modu puntualean kultur eskaintza eskaini dezaketen guneek ere parte hartu ahalko lukete.
Kalitatezko kultur programazio bat jasotzea garrantzitsua dela uste dugu, eta Plateruena itxi denetik, Durangon zein eskualde osoan hutsune sakona nabaritu dela esango genuke.