Galdera asko eta erantzun gutxi fusilamenduko argazkiaren inguruan

Jone Guenetxea 2022ko ira. 23a, 10:00

Gerediaga Elkarteko Jose Mari Uriarteren eskuetara heldu zen argazki honek 1936ko irailaren 25eko fusilamenduak jasotzen ditu. Jon Irazabal historialariak dioenez, posible da argazkia errekreazio bat izatea.

Irudia Germán Zorraquín argazkilariak ateratakoa da. "Indizioek esaten didate erreprodukzio-errekonstrukzio" bat dela. "Osa gatxa iruditzen zait pentsatzea egun hartan Germán argazkilaria Ermodoko bere estudiotik kamera astuna hartu eta hilerriraino joan zela". Irazabalek irudiaren errealismoa azpimarratu du. "Brutalmente errealista da. Argazkian zazpi atxilotu fusilatzearen zain agertzen dira, lepoz. Euren oinen aurrean gorpuak agertzen dira, aurretik fusilatutakoenak izan daitezkeenak. Eskuman, fusilatuak izateko zain daudenak daude. Data batean kokatzekotan, argazkia 1941a baino lehenago aterata egon behar dela dio Irazabalek, kapera zaharra agertzen delako, eta ondoren berriztu egin zutelako. Irazabalek azaltzen duenez, interesgarria izango litzateke udal artxiboa ikertzea, ikusteko 1936tik 1941era Foto Germani enkargurik egin ote zioten jakiteko, Otxandioko bonbardaketan egin zuten legez. 

1936ko irailaren 25a, Durangon

1936ko irailean II. Errepublikak agintzen zuen Durangon, matxinatuek ia Araba eta Gipuzkoa osoa hartuta zeukaten arren. Hargatik, Durango milizianoen egongune garrantzitsua zen.

Udalean matxinatuen aldekoek gehiengoa zeukaten arren, behin behineko udal errepublikazalea izendatu zuten. Euskadiko Gobernua urriaren 7an onartu zuen Errepublikak.

Irailaren 25ean faxistek Ezkurdiko frontoia bonbardatu zuten eta bertan ziren 15 miliziano hil zituzten. Hilketa bidegabetzat jota, hainbat lagunek Durangoko kartzela indarrez hartu eta matxinatuen alde egitearren preso zeuden 22 pertsona hilerrira eroan zituzten. Bertan fusilatu zituzten, aurretiko epaiketarik gabe.

Geroago, faxistek antolatu zuten justizia sistemak gutxienez sei lagun epaitu zituen gertaeron ardura zutelakoan. Ezelako bermerik bako epaiketotan, erruduntzat hartu eta fusilatuta hiltzera kondenatu zituzten.

Aurten, Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek, Durangoko Udalaren laguntzaz, bi ekitaldi prestatu dituzte. Lehenengoa irailaren 21ean, gorago aipatutako gertaera horien nondik norakoak azaltzeko mahai-ingurua. Bigarrena, irailaren 25ean Ezkurdin egingo dena. Ekitaldi horretan 1936ko irailaren 25eko gertaeretan hildako guztiak hartuko dira gogoan.

Fusilatuetako bat, Juan Eskubi Urtiaga durangarra, Durangoko defentsa batzordeko kidea zen, aginte legitimoak hartarako izendatua. 1938ko urriaren 24an fusilatu zuten faxistek, Derioko hilerrian. Zor diogu eta zor diegu durangarrok duten baino leku handiagoa gure memorian.

  

Durango 1936 Kultur Elkartea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!