"1936ko irailaren 25eko gertakizunen ondorioz hildako guztiak gogoratzeko ekitaldia" egingo dute Durangon

Anboto 2022ko ira. 23a, 10:00

1936ko irailaren 25ean Ezkurdin gertaturiko bonbardaketaren ondorioak gogoratu eta aztertzeko ekitaldiak antolatu dituzte, aste honetarako, Durangon. Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 kultur elkarteak berbaldia egin zuten eguaztenean, testuinguru historikoa aztertzeko. Jon Irazabalek, Jimi Jimenezek eta Pedro Barrusok gaiaren inguruko datuak eman zituzten. Domekara begira, elkarte biek oroimen ekitaldia egingo dute udalagaz batera, Ezkurdin, 12:00etan. 

Gaiaren inguruan, Jon Irazabal Iurretako historialariak bonbardaketa gertatu zen sasoian bizi zen egoera gogoratu du. 1936ko irailean, Mola jeneralak Gipuzkoa osoa menperatu zuen. Elgoibarren zegoela, azaroan Bilbora heltzea zuen helburu. Baina frontean zailtasunak aurkitu zituen. “Bilbora heltzeko Molak zituen planen barruan irailaren 25ean bonbardaketa bi gertatu ziren. Bata Bilbon, eta bestea Durangon”, azaldu du Irazabalek. Durangoren kasuan, 10:30 inguruan hegazkin bakar batek lau bonba jaurti zituen Durangon. “Frontoiaren ondoko kalean jausi zen euretariko bat, Barandiaran kalean. Horman zuloa eginda, bonbak frontoi barruan egin zuen eztanda. Ondorioz, frontoian pilotan jokatzen eta bertan ikusle legez zeuden 15 lagun hil  ziren”, gehitu du Irazabalek. Milizianoak eta Gipuzkoako errefuxiatuak ziren. 

Bonbardaketa horren ondorioz, miliziano talde batek Durangoko kartzela asaltatu zuen. "Telefonikako eraikina zegoen lekura joan eta kartzela hartan zeuden 21 preso hilerrira eraman eta fusilatu egin zituzten. Uste da pertsona horiek sublebatu frankisten alde egiteagaitik zeudela kartzelan", gehitu du Irazabalek. “Testuinguru horretan kontuan izan behar da Durangoko erreketeak antolatuta zeudela eta entrenamendu militarrak egiten zituztela Urkiolan eta Aramaion. Izan ere, uztailaren 18aren inguruan sublebazioan parte hartzeko asmoa zuten, baina Durangoko Guardia Zibilaren babesa izan ez zutenez, asmo hori bertan behera utzi zuten”, azaldu du Iurretako historialariak. Bilboko bonbardaketaren kasuan, milizianoek Cabo Quilates eta Altuna Mendi kartzela-ontziak asaltatu eta 39 atxilotu hil zituzten.

Frankismoko fusilamenduak
"1936ko fusilamenduen inguruko biktimei buruz berba ez egitea, 1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketako biktimei buruz berba ez egitea eragin zuen urte askoan. Eta, jakina, geroago epaiketetan eta sumarioetan epaitu eta fusilatutakoei eta kartzelaratutakoei buruz ere ez. Durangon ezkerraren garbiketa saiakera bat egon zen zuzenean edo zeharka, 36ko hilerriko fusilamenduetan parte hartzea egotzita", azaldu du Durango 1936 kultur elkarteko Jimi Jimenezek. "Frankismoak Durango hartu zuenean, dagoeneko Santoñan entregatu zirenei epaiketa bat egin zieten eta informazioa eskatzen hasi ziren Guardia Zibilari, tokiko Falangeari eta udalari. Informe horien bitartez epaitu eta heriotzara kondenatu zituzten edo kartzela zigorrera. Eskubi edo Fernandez Gorroño lako pertsonak Durango gorri separatisten karguak izatearren 1936ko hilerriko fusilamenduagaz lotu zituzten eta eurak ere fusilatuta hil zituzten", gogoratu du Jimenezek. Zehazki, sei pertsona heriotza zigorrera kondenatu zituzten Durangon: Juan Fernandez Gorroño, Juan Eskubi Urtiaga, Raimundo Uriarte, Anastasio Arnaiz, Juan Bautista García eta Luciano Iturrieta. Defentsa Batzorde lokalean errepublika sasoian parte hartu zuten. 

Jaurlaritzaren ikerketa
Pedro Barruso historialariak azaldu duenez, 1936ko hilerriko fusilamenduak gertatu zirenean Eusko Jaurlaritza oraindino sortu barik zegoen. Geroago, Bilboko kartzeletan gertaturikoaren harira, Durangon gertaturikoa ikertzen hasi ziren. Etxebarria Novoa Bizkaiko Gobernadore Zibilak apur bat ikertu zuen. Bere memorietan horri buruz idatzi zuen. 61 lagun prozesatu zituzten, baina ezerezean geratu zen", gaineratu du Barrusok.  

Ekitaldien antolatzaileek prentsa oharrean azaldu dutenez, "lehenengoz 1936ko irailaren 25ean gertaturikoa eta horrek izandako ondorioak modu bateratuan eta izan ziren moduan azaltzeko ariketa egingo dugu Gerediaga Elkarteak eta Durangoko 1936 Kultur Elkarteak, era horretan, memoria historikoan sakontzen jarraitzeko". Gerediagak dioenez, "1936ko altxamendu faxistak sufrimendu handia ekarri zuen Durangaldera. Bonbardaketak izan ziren hainbat herritan, bortitzenak Otxandion eta Durangon, azken horretan hainbat bider gainera. Domekako ekitaldiagaz Durangoko lehenengo bonbardaketan eta haren ondorioz egunean bertan zein hurrengo urteetan izan ziren hildakoak gogoratu gura ditugu egiaren, justiziaren eta erreparazioaren izenean, eta gure herriaren askatasunaren alde borrokatu zirenen aldeko konpromisoa berretsi gura dugu". 

Gai delikatu eta zaila izanda, oroimen ekitaldia antolatzeak iritzi kontrajarriak sortu ditu (iritzi gutuna).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!