Mankomunitateak Elkartegia erosiko du 1,5 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda

Anboto 2022ko ira. 23a, 09:08

Modu horretan, eraikin bakar batean batuko dituzte gaur egun modu sakabanatuan eskaintzen diren zerbitzuak. Eraikina erosteko inbertsio plana 2025era arte luzatuko da.

Mankomunitateko ordezkariek argi berdea eman diote Durangoko Elkartegia, gaur egun Mankomunitatearen egoitza nagusia den eraikina, erosteko asmoari. Hemendik eta 2025era arteko inbertsio planak aurrera egin du, eta horri eskerrak Mankomunitateak Elkartegia erosiko du 1,5 milioi euroko inbertsioa eginda. Modu horretan, gaur egun era sakabanatuan eskaintzen diren zerbitzuak eraikin bakar batean batzea gura du Mankomunitateak. Kokaleku horretatik salbuetsita dagoen zerbitzuetako bat Hiri Hondakin Solidoak batzekoa izango da. Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, inbertsioa "eskualdeko erakundearen aldeko etorkizuneko apustua" da, "jasangarritasuna sendotzeko eta gero eta administrazio hurbilago eta eskuragarriagoa" lortzeko.

Elkartegia 2004an eraiki zuten eta Durangoko erdigunean dago, Landako Gunearen ondo-ondoan. Eraikina Azpiegiturak SAU enpresa publikoarena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren baitakoa. Sotoko solairua, beheko solairua eta bulegoetarako solairu bi ditu. Bertako modulu bik jabetza partikularra dute. Onartutako inbertsio planak, baina, badu beste atal bat. Bertan jaso dute Berrizko belodromoa estaltzeko asmoa. Uneotan, proiektuaren lizitazioa prestatzen dabiltzala jakinarazi dute Mankomunitatetik.

Atxondoko etxebizitza bat, gizarte larrialdietarako aterpe

Atxondoko Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bat Mankomunitateak kudeatuko du aurrerantzean, aldi baterako, etxebizitza gizarte larrialdietarako aterpe-zerbitzuan txertatuta. Erabaki hau EAJk, EH Bilduk eta Abadiñoko Independenteek lortutako akordiotik eratorritakoa da. Horrez gainera, 125.800 euro bideratuko dituzte Gaztelua auzoan (Abadiño) egondako zabortegi zaharraren ingurumena berreskuratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!