EAJk, EH Bilduk eta Abadiñoko Independenteek akordioa lortu dute Mankomunitateko aurrekontuak onartzeko

Anboto 2021ko abe. 14a, 11:15
Mankomunitateko osoko bilkura bat Astola Etxean, 2019an.

Aurrekontua 7.926.266 eurokoa izango da. Iazkoa baino %6 handiagoa. Gizarte politiketara eta enplegua sustatzera bideratuko dute kopuru horren %70. 

Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi duenez, gobernu taldeak (EAJ eta Abadiñoko Independenteak) eta oposizioko talde nagusiak (EH Bildu) akordioa lortu dute 2022ko aurrekontuak onartzeko. Akordio horren arabera, Mankomunitatearen finantzaketa sistema "berrikusi" egingo dute, "udalen kuotei eusten saiatzeko". Bestalde, 2022rako aurreikusitako ekintza batzuk erremanenteagaz finantzatuko dituzte. Mankomunitateko iturrien berbetan Elkarrekin Podemos taldeak ez ditu aurrekontuak babestuko.

Mankomunitateak azpimarratu duenez, datorren urteko aurrekontuak gizarte politiketara eta enplegua sustatzera bideratuko dira. Batetik, gizarte larrialdiei erantzuteko etxebizitza bat ipintzea aurreikusi dute. Bestetik, etxez etxeko laguntza zerbitzua arautuko duen erreglamendu berri bat onartzea adostu dute. Hondakin organikoen bilketari dagokionez, "berariazko kanpaina bat" diseinatuko dute "edukiontzi marroia Durangaldeko etxe guztietara ailegatu dadin". Klima aldaketari aurre egiteko neurrien artean, bizikletaren eguneroko erabilera sustatzea eta eskualdeko ingurumen-diagnostikoa egitea aurreikusi dute.

Hiru esparrutako "hobekuntzak"

EH Bilduk adierazi duenez, "hiru esparrutan" egin ditu aurrekontuak "hobetzeko" proposamenak: gizarte zerbitzuak indartzean, hondakin organikoaren bilketan eta udalek Mankomunitateari egiten dioten finantzaketan. Ainara Otxotorena ordezkariak adierazi du koalizio subiranistak "arduraz eta anbizioz" jokatu duela. Jakinarazi duenez, hondakin organikoaren bilketa kopurua "geldituta" dago 2020tik hona. "2021eko martxoaz geroztik hondakin organiko osoa bota daiteke edukiontzira (okela eta arraina barne) baina horrez du ia eragin positiborik izan batutako kopuruan", esan du. Hori dela eta 40.000 euroko diru partida bat sortzea adostu dute, hondakin organikoaren biletarako. Bestalde, EH Bilduk udalen finantzaketa arintzeko neurri berriak proposatu ditu. Udalek Mankomunitateari egiten dioten kuota ekarpena erremanentea baliatuta finantzatzea adostu dute. Koalizio subiranistak dioenez, Mankomunitatean 5.259.397 euroko erremanentea dago.

EH Bilduko Mankomunitateko ordezkariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!