Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua uda ostean lizitatuko dute

Anboto 2022ko uzt. 21a, 11:36

Mankomunitateko ordezkariak Valentziara joan dira hango belodromo estalia ezagutzera.

Mankomunitateak jakinarazi du uda ostean lizitatuko duela Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua. Momentu honetan kontratazioa arautuko duten pleguak idazten ari dira. Hori dela eta, teknikariek eta ordezkari politikoek Valentziako belodromo estalia bisitatu dute asteon, "Espainiako estatuko erreferentea" den belodromoa. Bertara joan dira Mankomunitateko teknikariak, Mireia Elkoroiribe presidentea, Orlan Isoird Berrizko alkatea eta Ainara Otxotorena Mañariko alkatea. Mankomunitateak dioenez, bisitaren helburua "Espainiako Txirrindularitza Federazioak errendimendu handiko zentro gisa erabiltzen duen punta-puntako kirol-instalazio horren indarguneak eta ahuleziak ezagutzea" izan da, "Berrizko etorkizuneko instalazioan alderdi, soluzio tekniko edo erabilera osagarri jakin batzuk sartu eta baztertu ahal izateko". Elkoroiribe presidenteak adierazi du "oso bisita emankorra" izan dela. "Funtzionatzen duten gauzak eta arazoak sortzen dituzten alderdiak ondo ulertzeko aukera" eman duelako.

Mankomunitateko osoko bilkurak 351.200 euroko partida onartu zuen ekainean Berrizko Marino Lejarreta belodromoa estaltzeko oinarrizko proiektua, egikaritze-proiektua eta obra-zuzendaritza lizitatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!