[GIDA]: Zeintzuk dira Durangoko TAO zerbitzuak ekarriko dituen berrikuntzak?

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 7a, 14:02

Eremu berriak, trantsizio kaleak, auto ikuskatzailea, aplikazio bat,... Durangoko TAO zerbitzua berrikuntzekin sartuko da indarrean irailaren 26an.

Durangoko Udalak irailaren 26tik aurrera martxan ipiniko den TAO zerbitzu berriari buruzko xehetasunak eman ditu. Aldaketa nagusia zonifikazioan dago. Orain arte indarrean egondako 2 eremuak mantentzeaz gainera, beste bi sartuko dira-eta indarrean. Lau guztira. Modu horretan, lehen ailegatzen ez zen eremuetara ailegatuko da TAO zerbitzua: Muruetatorre, Ibaizabal eta Txibitena aldera adibidez. Udalak hango biztanleen "eskari historikoari" erantzun gura dio horrekin. Aritz Bravo zinegotziaren berbetan, eremuok "saturatuta" egon dira orain arte, hain zuzen ere, zerbitzu publiko ugari dagoelako han (osasun zentroa, kirol instalazioak). Bada aurrerantzean, bakoitzak "bere auzoan edo kalean aparkatzeko erraztasun gehiago" izango duela adierazi du Bravok, "herri barruko joan-etorriak" ekidinda, bide batez. Honakoak dira berrikuntza nagusiak:

Eremu berriak

  1. Gunea. Durangoko Alde Zaharretik hilerrira arteko tartea hartuko du. Baita Montevideo kalearen ingurua ere. Antso Estegiz, Larrasoloeta eta San Frantzisko kale inguruak hartuko ditu.
  2. Gunea. Alde Zaharretik Askatasun Etorbidera bitarteko tartean luzatzen da. Ezkurdiko parkea, anbulatorio zaharraren ingurua eta San Rokera arteko eremuak hartzen ditu
  3. Gunea. Sasikoa kaletik Iurretara bitarteko eremua arautuko du, Madalena eta San Inazio auzoen inguruetakoa.
  4. Gunea. Landako, Txibitena eta Murueta Torre inguruak arautuko ditu gutxi gorabehera. Zerbitzu berriaren arrastorik esanguratsuenetako batzuk inguru horietan igarriko dira.

Errotazio altuko gune gehiago (TAO berdea)

Zumalakarregi kalea (Ezkurdi) eta Herriko Gudarien kalea (Anbulatorio zaharraren ingurua) errotazio altuko gune izatera pasako dira irailaren 26tik aurrera. Bertan 90 minutuz baino ezingo da kotxea utzi, gehienez. TAO berdea duten 58 aparkaleku ipiniko dituzte. Bestalde, Landakoko osasun zentroaren bueltako gune berdeak bere horretan jarraituko du. Han dauden errotazio altuko 28 aparkalekuek indarrean jarraituko dute. Prezioak mantendu egingo dira.

Egoiliarrentzako gune gehiago

Alde Zaharreko bizilagunek aparkatzeko aukera gehiago izango dute, gune historikoaren bueltako kaleetan. Udalak egoiliarrentzako leku gehiago ipiniko ditu Kurutziaga kalean, Alde Zaharretik Garai jauregia dagoen lekuraino. Montevideo kalean ere, berdin. Astarloa paretik Zumalakarregi kaleraino doan tartean egoiliarrentzako lekuak ipiniko dituzte. Monagotorre eta Arandoñotorre kaleetan ere egoiliarrentzako lekuak egongo dira.

Auto ikuskatzailea (Visual Car)

TAO zerbitzua behar bezala erabiltzen dela ziurtatzeko, 7 ikuskatzaile egongo dira beharrean. Horrez gainera, auto ikuskatzaile bat arduratuko da TAO guneetan aparkatuta dauden autoak era egokian daudela konprobatzeaz. Auto ikuskatzaileak unean uneko informazioa izango du bertan aparkatutakoak denboran eta egoki aparkatuta dauden jakiteko. Bestalde, TAO zerbitzua herriko eremu gehiagotara zabalduko denez, 12 parkimetro gehiago egongo dira herrian zehar. 

Trantsizio kale bi: Alluitz eta Askatasun Etorbidea

Trantsizio kaleak aurrerantzean existituko diren figura berriak dira. TAO eremutik kanpo dauden kaleak dira, baina TAO guneetatik duten gertutasunagatik, eta, ondorioz, jasaten duten trafiko presioarengatik, horiei izaera berezi bat ematea erabaki du udalak. Bi izango dira: Askatasun Etorbidea eta Alluitz kalea. Kale horietan bizi diren herritarrek egoiliar lez aparkatzeko aukera izango dute. Dena dela, funtzionamendu horrek atari batzuei eragingo die. Ez kale osoari.

Sakelako aplikazioa: ArinPark

Internet atari berri bat martxan dago TAO zerbitzuaren berri emateko: otadurango.eus. Bertan egoiliar txartela lortu ahal izateko baldintzak, parkimetroen kokalekua eta TAO eremuen mapa kontsultatu daiteke. Horrez gainera, sakelako telefonoetarako baliagarria den aplikazioa kaleratu dute: ArinPark. TAO zerbitzuaren erabiltzaile denak, sakelakoaren bitartez ordaindu ahalko du aparkalekua, parkimetrora jo barik. 

Diru sarrerak, udalarentzat

TAO zerbitzua Gertek enpresak kudeatuko du. Udalak eta enpresak 3,7 milioi euroko akordioa itxi dute datozen bost urteetarako. Kontratuan bada funtsezko aldaketa bat. Orain arte enpresak kudeatu izan ditu parkimetroetako zein isunetako diru sarrerak, gero, udalari, diru sarreren zati bat emateko. Aurrerantzean, ez. Irailaren 27tik aurrera udalak kudeatuko ditu diru-sarrerak, enpresari urtero kopuru finko bat emanda.

TADU, ordainpekoa jaien ostean

TADUko aparkalekua, Traña-Matienatik Durangoko hirigunera sartuta dagoen aparkalekua, ordainpekoa izatera pasatuko da San Fausto jaiak bukatutakoan. Udalak oraindik ez du TADUn aparkatzeak ekarriko duen prezioa finkatu. Gaia osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu behar da horretarako. Dena dela, gobernu taldeko kideek honako proposamen hau dute: egunean ordu-tarte bi ipintzea, 08:00etatik 14:00etarako bat eta 14:00etatik 20:00etarako beste bat. Tarte bakoitzean ordaindu beharrekoa 0,5 euro izatea gura du udalak. 0,5 euro goizeko tartean eta beste 0,5 arratsaldeko tartean. Asteburuetan eta jaiegunetan aparkatzea debalde izatea gura du. Autoei aparkatze muga ipiniko diela ere aurreratu du. Edozelan ere, esan bezala, prezioak eta baldintzak osoko bilkuran adostu beharko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!