TAO berria

"TAO berriari buruzko iritziak desberdinak izan daitezke bizi zaren inguruaren arabera”

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 16a, 09:30

TAO sistemaren zonifikazio berriak Aramotz, Otamotzena, Askatasun Etorbidea eta Alluitz kalea autoz bete daitezkeela iritzita, bizilagun batzuek TAO sistema auzora zabaltzea gura dute. Baina beste bizilagun batzuk ez daude horregaz ados. 

Estitxu Isasti Gil (Iurreta, 1972) eta Txema Bilbao Abaunza (Durango, 1961) Askatasun Etorbideko eta Aramotzeko bizilagunak dira, hurrenez hurren. Bertako auzo elkartekoak dira, Herria auzo elkartekoak.

Zelan hartu duzue auzoan TAO sistema berria?
Txema Bilbao: Ez da erraza iritzi trinko bat adieraztea. Gauza bat da norberak pentsatu dezakeena eta beste bat auzo elkarteak adierazi dezakeena. Nik uste dut TAO sistemak ez duela berdin eragingo Aramotzen edo Askatasun Etorbidearen bueltan. Aramotzen ez dut uste arazo handirik egongo denik. Jende gehiagok aparkatuko duela? Ez dut uste. Nahiko urrun gaude. Adibide bat ipintzearren: Alde Zaharreko bizilagun bat hona etorriko da autoa gauez bertan aparkatuta uztera? Ez dut uste. Askatasun Etorbidean, ostera, bestelakoa izan daiteke egoera. Nahiko beteta egoten da.
Estitxu Isasti: Asteon bilkura egin dugu Herria Auzo Elkarteko batzordea osatzen dugunon artean. Askotariko iritziak egon dira TAO sistema berriaren inguruan. Batzuek TAO sistema gura dute Aramotzen, horrek aparkatzeko aukera handiagoa eskainiko dielakoan. Beste batzuentzat, ostera, zentzubako proposamena da. Herriaren kanpoaldean aparkaleku gehiago behar dela uste dute. Nire ustez, aparkaleku falta da arazoa. Egia esan, ezin dugu auzotar guztiak islatuko dituen iritzi bakar bat eman. Iritziak eta bizipenak desberdinak izan daitezke bizi zaren inguruaren arabera. Gu Aramotzeko parte zaharrean bizi gara, baina bizilagunen egoera desberdina izan daiteke Askatasun Etorbidearen inguruan edo Otamotzena inguruan. Nire iritzi pertsonala da Aramotzera bertara ere ailegatu daitezkeela aparkatzeko zailtasunak.   

Fumbarri fundizioaren ondoan bada aparkaleku bat.
T.B.: Beteta egoten da, goraino. Iruditzen zait horrek erakusten duela aparkalekuak behar direla. Kanpokoak izan zein ez, jendeak egun osorako uzten du hor autoa. Iluntzean libratzen da. Aparkalekua txiki geratu dela uste dut.
E.I.: Horrez gainera, autokarabanen kontua dago. Autokarabana asko han dago aparkatuta. Aparkatzeko eskubidea izango dute, baina ondo legoke horiei beste kokaleku bat ematea.   
T.B.: Gero, badago beste kontu bat. Herri bat gara eta herrietan beste modu batera ikusten da kontua. Bilbo batean egon daitekeen problematika eta hemengoa desberdinak dira. Itzelak gara gero! Etxe parean gura dugu autoa. Baina zenbat dago Aramotzetik Kurutziagara oinez? Ez dago ezer. Baina segun eta zeini galdetzen diozun, iritzi bat edo beste bat izango duzu. Gatxa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!