TAO berria

“TAO berriagaz, Muruetatorre auzoan hobekuntza igarriko dugulakoan gaude”

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 16a, 09:30

Neurria gustuko ez duen "baten bat" kenduta, Muruetatorre Auzo Elkarteak uste du TAO berriak on egingo diola auzoari.

Jesús Miguel García Redondo 'Txutxi' (Durango, 1968) eta Pello Horrillo Valor (Durango, 1969) Muruetatorre Auzo Elkarteko kideak dira. TAO zerbitzua auzora zabaltzea begi onez ikusten dute.

TAO zerbitzua zuen auzora zabalduko da iraliaren 26tik aurrera. Zelan hartu duzue berrikuntza?
Jesús Miguel García: Iruditzen zait auzotarrak gogotsu eta pozik daudela. Beti egongo da neurria gustuko ez duen baten bat, baina, orokorrean, jendea animatuta dagoela esango nuke. Izan ere, errekadu bat egitera autoa hartuta irten behar baduzu, birritan pentsatu behar duzu, bueltan oso posible delako lekurik ez topatzea. Bueltaka eta bueltaka ibili zaitezke auzoan zehar, lekurik topatu ezinik. 
Pello Horrillo: Uste dut auzoan hobekuntza igarriko dugula. Asteburuetan aparkatzeko lekua egon izan da, Landakoko osasun zentroaren inguruan, batez ere. Horrek zer esan gura du? Aste barruan inguruotan aparkatzen dutenak ez direla auzotarrak. Autoekin egon daitekeen errotazioak on egingo digula uste dugu.    

Zelako egoerak topatzen dituzue aparkatzerako orduan?
P.H.: Durangora lanera etortzen den jende askok inguru honetan aparkatu izan du. Goizeko lehenengo orduan, auzoko jendea lanera kanpora doanean, hona datorrenak badu aparkalekua. Baina zer geratatzen da gero? 19:00etatik aurrera aparkatzea ezinezkoa dela. Jendeak ez du autoa gauera arte mugitzen. Horrez gainera, kirol instalazioak hemen inguruan ditugula kontuan hartu behar da.
J.M.G.: Nik ulertzen dut bakoitzak bere beharrizanak izatea. Baina elkarteak auzoari eta bizilagunei erreparatu behar die, eta horregaitik eskatu genuen TAO zerbitzua hona zabaltzea. 

Izan ere, Durangoko Udalak dioenez, TAO zerbitzua Muruetatorrera zabaltzea auzotarren eskaria izan da. 
J.M.G.: Bai, Muruetatorre Auzo Elkarteko kideok TAO zerbitzua auzora zabaldu zedin eskatu genuen. Urte bi izango dira eskari hori egin genuela. Egoiliar txartelak 60 euro balio ditu eta aparkatzeko aukera gehiago izan dezakegulakoan gaude. Denborak esango du arazoa konpontzen den ala ez. Konpontzen ez bada, beste soluzio batzuk topatu beharko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!